Aulkitik

Iritsiko da garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Nahia Alkorta 2020ko abe. 10a, 18:59

Aurreko Igandeko partida ahazten saiatzekotan, aste berri bati hasiera eman genion. Argi genuen atzean utzi beharreko partida bat izan zela eta hurrengoan pentsatzea besterik ez genuela. Aurrera Vitoriaren aurkakoa, alegia.

Aste polita genuen aurretik, era batera esateko, gure maila paretsuko talde baten aurka lehiatuko ginen eta aukera bikaina zen garaipena etxean geratzeko. Aurkariak ere garaipenik gabeko bolada txar batetik zetozen, beraz, joko lehiakorra aurreikusten genuen.

Partidari dagokionez, nahiz eta aurkariek orokorrean aukera gehiago sortu, bistan zen edozein unetan, akats minimo batek norgehiagoka erabaki zezakeela. Ia bukaera arte ez zen markagailua mugitu, baina zoritxarrez Aurrera Vitoriaren gola iritsi zen. Hala ere, bukaerara arte borrokatu genuen gure golaren bila, baina 0-1ekoarekin amaitu zen.

Ez zen espero genuen emaitza izan, baina begi-bistakoa da merezi dugun garaipena iritsiko dela azkenean. Horretarako, gauzak ondo egitea dugu helburu gisa bai entrenamenduetan bai eta partidetan ere.

Datorren igandean, hilak 13, Oiartzunen aurka jokatuko dugu 16:30ean, berriro ere Berazubin, gauzak hobe irtengo direnaren itxaropenarekin.

Aupa Tolosa!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!