Aulkitik

Azkenean

Erabiltzailearen aurpegia Naroa Jauregi 2020ko urr. 22a, 11:59

Bai, 7 hilabete pasa dira azken partida jokatu genuenetik eta birus madarikatuak mundua hartu zuenetik. Martxoaren 15ean etxean entzerratu ginen agintarien agindua betez, eta gure bizitzak erabat aldatu ziren 360 graduko bira emanez. Unibertsitateko ikasketak online izatera pasa ziren, lagunekin egiten genituen larunbatetako afariak ahaztu genituen eta guri gehien gustatzen zaiguna ere kendu ziguten.

Batzuentzat baloiari ostikadak ematea soilik dena, guretzat talde moduan batzen gaituena da. Ondorioz, txapelketa itzuliko zenaren esperoan, etxeko tramankuluak hartu eta bakoitzak zuen espazioarekin moldatu behar izan genuen. Bideodeiak ere egin genituen gure arteko harremana eten ez zedin. Azkenean, txapelketa bertan behera gelditu zen eta mailari eutsi genion ez baitzen jaitsierarik egon.

Legeari jarraituz eta Espainiako Futbol Federazioak esandakoari kasu eginez, abuztuaren erdialdean hasi genuen hain arraroa izaten ari den urtearen denboraldi-aurrea. Ilusioz gainezka hasi ginen, denbora asko pasa baitzen azkenekoz baloiarekin kontaktuan egon ginenetik. Bederatzi astez entrenatzen ibili ondoren, eta hainbat lagunarteko jolastu eta gero, txapelketako lehenengo partida iritsi zen.

Partida hasi aurretik gure taldekideak izan diren Leire eta Alaiari omenaldi txiki bat egin genien, gurekin taldean partekatu dituzten momentuak eskertzeko. Horretarako bakoitzari taldeko kamiseta oparitu zitzaion. Mila esker bikote!

Partidari dagokionez, Realaren aurka jokatu genuen. Bagenekien ez zela partida erraza izango, aurkari sendo bat baikenuen aurrean. Azkenean 0-3 galdu genuen. Partidako sentsazioak ez ziren txarrak izan, asteetan zehar landutako gauzak zelaian islatu baitziren.

Orain asteburuko partidan pentsatzen hasi gara, Arratiaren aurka jokatzen baitugu. Gogor irtengo gara zelaira eta gure jokoa eginez 3 puntuak etxera ekartzen saiatuko gara. Denboraldi zail baten aurrean gaude, bizitzen ari garen egoera ere berezia baita. Hala ere, ilusioz gainezka gaude eta ziur nago ez dagoela aurkaririk honetan irabaziko gaituenik.

Gora Tolosako neskak! Aupa Tolosa trakatra!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!