Aulkitik

Ez dugu amore emango

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Diez 2020ko ots. 5a, 15:59

Aurreko asteburuko partidan lortutako emaitza alde batera utzi nahian, taldekide guztiek helburu berdina genuen buruan: 3 puntuak etxean geratzea.

Hasiera oso ona eduki genuen, eta neurketako lehen gola sartzea lortu genuen, Ainhoa Garikanoren eskutik. Denbora luzez golik sartu gabe egon eta gero, gogoz ospatu genuen 1-0ekoa. Emaitza horrekin heldu ginen atsedenaldira.

Sentsazioak ez ziren batere txarrak, emaitza gure aldekoa zen, eta horri eusten ahalegindu behar genuen. Hala ere, bigarren zatian, Pradejoneko neskek aurretik kokatzea lortu zuten: 1-2. Sufritzea tokatu zitzaigun, gauzak zailtzen hasi ziren, eta urduritasuna nabaritzen hasi ginenean, aukera bikain bat aprobetxatuz, berdinketa lortu genuen. Oraingoan, Ainhoa Bengoetxea izan zen golegilea. Taldekideek eta ikusleek ilusioz ospatu genuen gola, partida zail bati buelta emateko aukera ikusi eta gero. Azken minutuetan, ordea, tristura itzuli zen, errioxarrek lortutako azken golarekin, 2-3 amaitu baitzen partida.

Nahiz eta 3 puntuak etxean ez geratu, eta bolada txar honetatik ateratzeko aukera galdu, begi bistakoa da maila honetan egotea merezi dugula, eta bertan geratzeko irrika eta intentzioa dugula. Etorriko dira emaitza hobeak, eta gogor eutsiko diogu maila honi. Goazen neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!