Gogor lan egin behar dugu

Erabiltzailearen aurpegia Naroa Jauregi 2019ko ira. 27a, 15:58

Txapelketako 2. jardunaldia jokatu genuen larunbatean. Maila honetan etxetik kanpo eta Euskaditik kanpo jokatzen genuen lehena zen.

Iaz, 1. Maila Nazionaleko txartela lortzearekin batera, gure mugak zabaltzea ere lortu genuen, eta ondorioz, Nafarroara eta Errioxara ere bidaiatuko dugu aurten. Beraz, autobusera igo eta Iruñera joan ginen, Osasunaren aurka jokatzera.

Bagenekien ez zela partida erraza izango, «Osasuna» maila handiko hitza baita. Hala ere, gogotsu geunden.

Partida hasi zen, eta gauzak ez ziren nahi bezala joan. Nahiz eta gure helburua aurkariei aurre egitea zen, ez genuen lortu. Maila honetan egin ezin diren zenbait akats egin genituen eta, ondorioz, Osasunaren golak iritsi ziren. 4-0ko emaitzarekin amaitu zen partida.

Tajonarretik bueltan, taldeko afaria egin genuen eta ondoren parranda pixka bat ere egin genuen.

Orain gogor lan egitea tokatzen zaigu eta, ziur nago, horrela emaitzak iritsiko direla. Esaldi batek dioen bezala, «ez zaio inori gustatzen akatsak egitea, baina akatsei esker ikasten da hobeak izaten». Beraz, badakigu, ezin dugu emaitza hau txartzat hartu, izan ere, ez dauka atzera bueltarik eta hiru puntuak berreskuratzea ezinezkoa da dagoeneko. Hortaz, partida hau ikasteko erabiliko dugu eta horrela ez gara leku berean bi aldiz irauliko.

Aupa neskak eta aupa Tolosa!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!