Larunbatean, berriz, 2. Mailako Oiartzun taldearen aurka zuten hitzordua Usabalen, eta nahiz eta eguraldia kaskarra izan, gure animoak beroak ziren, maila honetako partidei aurre egiteko beharrezkoak izaten diren bezala.
Nahiz eta partidaren hasieran lekua hartzea kosta, gure neskak orain arte egindako jokoa erakutsiz, gol aukera batzuk sortzen hasi ziren eta ondo eutsi zioten Oiartzunen jokoari.
Horren ondorioz iritsi zen Izaro Goenagaren lehen gola, areaz kanpoko izugarrizko jaurtiketa baten ondoren, baina bakarrarekin nahikoa ez eta bigarrena sartu zuen, ikustekoa hau ere! Eta horrelaxe bukatu zen lehenengo zatia.
Bigarren zatia guztiz kontrakoa izan zen. Gure neskak lasaiago atera ziren eta Oiartzunek hori ondo aprobetxatu zuen, 2 eta 2ko markagailua lortuz. Partida amaitzera zihoala, Nairen jaurtiketa batekin gola ospatzen hasiak ginen, baina, tamalez, zutoina jo eta kanpora irten zen.
Partida berdinketarekin amaitu zen eta horrek penalti jaurtiketa eskatzen zuen. Nik, beste guraso askok bezala, ez nuen begiratu ere egin txanda osoan, baina gure neskek ez zuten huts egin eta Patriren geldiketa batekin eta kanpora botatako beste batekin, garaipena lortu zuten.
Asteburu honetan, final laurdenak jokatuko dituzte Beasainen Goierri Gorriren aurka, beraz, denak animatzen zaituztet igandean 17:00etan gure neskak animatzera!