[AULKITIK] 3 punturen faltan

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Egilegor 2019ko apirilaren 18a

Ametsa geroz eta gertuago, bigarren maila esku artean. Zer esan? Ekipoaz eta taldekideez oso harro, ez bakarrik azken partidarengatik baizik eta urte osoan zehar egindako lanagatik.

Asteburu honetan, Leioaren aurkako partida ez zen batere erraza izan, ez genuen gure partidurik onena egin. Nahiz eta markagailuan aurretik jartzeko zenbait aukera izan, bigarren zatiaren hasiera arte ez genuen gola sartu, Izaro Goenagaren eskutik markagailura igo zena. Bigarrena eta gure lasaitasunerako, Ainhoa Bengoetxeak sartu zuen partida bukatutzat emanik.

Bizi dugun egoera ere, gure familia, lagun eta harmailetara gerturatzen diren zale guztiei zor diegu, emandako animo eta indar guztiak ez direlako gutxi izan. Horren eredu, Maddi Garikanok, familia eta lagun guztien laguntzaz, indarrak emateko eginiko bideoa dugu eredu. Beraien hitzak ezinbestekoak izan baitziren azkeneko partidei aurre egiteko eta gurekin daudela berresteko.

Guregatik, baino, batez ere, beraiengatik, apirilak 28, igandea, 16:30ean Berazubin, Zarautzen aurka jokatuko dugun partida gurea izan behar du. Oso garrantzitsua da guretzat zuen presentzia harmailetan, partida aurrera ateratzeko. Bigarren maila jokoan, ilusioz beterik, ametsa denon artean egi bihurtzeko. Azken txanpan danok bat izan behar baikara!

Animo neskak, garaipena geure eskuetan dago!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!