[AULKITIK] Bat gutxiago

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Garikano 2019ko mar. 27a, 13:32

Bat gutxiago urduritasunak alde batera uzteko, bat gutxiago partidako amaiera entzun eta «beste 3 puntu!» ahoskatzeko, bat gutxiago helburua lortu eta ospakizunerako...

Lan gogorrak bere saria dakarrela diote, horrela izan bedi. Bada denbora Tolosako emakumezkoen futbolean lanean sutsu dabiltzala eta hemen dago bere fruitua. Azken 2 urteotan lehen taldean lortzen ari garen emaitzak inoiz lorturiko onenak dira eta nola ez, horren parte izateak harro sentiarazten nau.

Zalegoa ere indartsu dabil. Etxean nahiz kanpoan, beti harmailetako zati handi bat betetzen dute eta animoak ez zaizkigu inoiz falta. Horren seinale da duela bi aste etxean Arratiaren aurka bizitakoa. Harmaila osoak beteak eta zelai inguru osoan jendea. Izugarria!

Bestetik, taldea ezagutzera eramateko dugun laguntza ere ezinbestekoa zaigu ibilbide honetan. Duela urte gutxi gure familia eta lagunek soilik zuten gure berri, eta orain berriz, astero-astero taldearen kronikak, argazkiak eta, nola ez, 'Aulkitik'-ak argitaratzen dira hedabideetan. Beraz, mila esker ATARIA-ri horretarako aukera emateagatik.

Kontuak kontu, hemendik hilabete ingurura taldea 2. mailara igo edo Euskal Ligan mantenduko dela. Nola ez, jo ta su igoera lortzeko lehiatuko dugu, baina gertatzen dena gertatzen dela, lortutakoaz harro egon beharko genuke.

Amaiera ero honen parte izan nahi? Zain gaituzue, igandean 16:00etan Usabalen. Mila esker denoi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!