San Blas eta opilak

Erabiltzailearen aurpegia Jarraitzaile taldea 2019ko otsailaren 7a

Igandea, otsailak hiru, San Blas eguna. Tolosako Euskal ligako emakumeen taldearen jarraitzaileok bagenuen San Blasera joatea baino lehenagoko lanik.

Ezohiko orduan eta ezohiko egunean, hau da, igandez eta 15:45ean, hitzordu bat genuen Usabalgo harmailetan. Aurreko asteburuan lortutako lehendabiziko postu horretan mantentzeko, gure neskek ezinbestekoa zuten partiduaren garaipena. Eta hor geunden, beti bezala, beraien jarraitzaile sutsuak, animo guztiak emateko.

Neskek motibazio handia zuten; beren lanaren fruituaren saria lortzen hasi dira, eta hor goian daude, sailkapenaren lehenengo postuan, motibatuta baina urduri. Aurkaria Oiartzungo taldea zuten, eta aurreko asteburuan liderraren aurka lortutako berdinketarekin lortu zuten, Tolosakoek, lehenengo postua.

Azken asteburuko partiduen emaitzak ikusita, bi taldeak zeuden motibatuta. Partidua hasi eta berehala jarri ziren etxekoak aurretik: lehenengo zatian 3-0 egin zuten eta, bigarrenean, beste bi gol gehiago. Partida amaieran emaitza 5-0 izan zen, baina garrantzitsuenak hiru puntuak ziren, goiko postuan jarraitzeko.

Harmailetan poza nabari zen gure neskengatik, entrenamendu, bidaia eta partiduetan sartzen dituzten orduen eta lanaren saria jasotzen hasiak direlako.

Baina ez ahaztu, neskak, nahiz galdu, nahiz irabazi, hor izango gara beti zuekin, merezi duzuen moduan. Hurrengo asteburuan deskantsatu eta indarberritu, hemendik bi asteburura Hernaniren kontra jokatu behar duzuen partiduan dakizuen guztia erakusteko. Berriro ere hor izango gaituzue zuekin. Aupa Tolosako neskak!

Nahiz eta San Blasera ez joan, gol zaparradak bere saria izan zuen: gol bakoitzak 4 opil eta, atea hutsean izateagatik, beste lau. Bi dozena opil iritsi ziren. On egin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!