[Aulkitik] Lehenengo postuarekin, motibatuta

Erabiltzailearen aurpegia Leire Lopetegi 2019ko urt. 31a, 19:57

Astean zehar, futbolean entrenatu beharrean, igerian entrenatzen ari ginela ematen zuen, zelaia putzuz beteta baitzegoen.

Nahiz eta eguraldiak ez lagundu, gogor entrenatzen jarraitzen dugu, eta pixkanaka taldeko lesionatuak berreskuratzen ari gara. Baina, oraindik, beste batzuk hor jarraitzen dute gogor, eta taldera bueltatzeko gogoz lanean.

Partida Derioren aurka tokatzen zitzaigun, eta bagenekien ez zela erraza izango, beti kosta izan baitzaigu beraien aurka jokatzea. Beste urteetan ere larri ibili ginen, baina orain inoiz baino indartsuago gaude, eta horri heldu behar diogu; parean dagoena edozein izanda ere denon artean lortuko dugu.

Larunbatean kanpoan tokatzen zen, beraz, autobusa hartu eta Deriora abiatu ginen. Autobusean, nola ez, musika topera jarri eta, abestu beharrean, garrasika joan ziren eta, Zuriñek gitarra eraman zuenez, are gehiago. Bertara iritsi eta batzuk aldagelara joan ginen aldatzera. Lesionatuak, ogitartekoa hartu, eta eguzkitan zegoen banku bakarrera joan ziren, lasai asko bazkaltzera; egia esan, aldagelatik atera eta urrutira begiratzean, inbidia ematen zuten.

Partida, emaitza ikusita, erraz irabazi genuela ematen du, baina lehenengo zatian asko kosta zitzaigun erritmoa hartzea, eta aukerak edukitzea. Baina, bigarren zatian jarrera aldatu, eta irabaztera atera ginen, eta hortxe etorri ziren golak, jarraian. 2-8ko emaitzarekin amaitu zen partida eta, nola ez, gol horien artean gure pitxitxiak ere gola sartu zuen. Hala ere, abisu bat: kontuz ibili Ainhoa, nik jada bosgarren martxa sartuta dut eta, partiduz partidu golak gorantz doaz.

Datorren asteburuan, Usabalen jokatuko dugu, igandean 15:45ean, Oiartzunen aurka. Lehenengo postuan gaude eta, horrek, urduri jarri beharrean gehiago motibatzen gaitu. Beraz, denak animatzera etortzea eskatzen dizuegu, denboraldi bukaeran postu horretan jarrai dezagun. Aupa neskak! Ikaragarriak zarete eta segi horrela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!