Ondo bukatu nahian eta lehen itzulia ondo bukatzeko asmoz, partida hasi eta bosgarren minuturako 2-0 aurreratu ziren markagailuan Izaroren bi golekin. Nabari zen bai batzuk oporrak azkar hartu nahi zituztela!
Usabal gainezka zegoen, antolatuta zeuden kirol desberdinekin. Aparkalekuan ez zen kotxe gehiagorik sartzen eta beraz kotxez etorri zirenak urrutira joan behar izan zuten aparkatzera. Galdetu bestela Izaroren gurasoei, berandu iritsi eta alabaren bi golak ikusi gabe geratu baitziren. Beraz, badakizu Izaro, hurrengo partidan golak sartzea tokatzen zaizu gurasoek ikusi ahal izateko!
Partida aurrera zihoan, eta oraindik asko gelditzen zen. Ordu erdi pasa zenean iritsi zen hirugarrena. Baloiak sareratu nahi ez zuela ematen zuen, izan ere, Bengolek gola sartu aurretik bi aldiz jo baitzuen langan, eta 0-3 irabazten joan ginen atsedenaldira. Atsedenaldia eta gero, gasteiztarrak presio handiagoarekin atera zirela ikusi zen, eta gure neskak baloi asko galtzen hasi ziren. Minutu ero batean, Aurrerak bi gol sartzea lortu zuen, eta ondorioz, urduritasuna nabari zen harmailetan.
Partidak aurrera jarraitu zuen eta ezker aldetik egindako jokaldi batean, zelaira sartu berria zen Leirek, area barruan jokaldia egiten ari zela piszinazoa egin eta penaltia gure alde. Leire berak jaurti zuen, eta lasaitzeko 4-2 jarri zuen markagailuan (lasai Leire, penalti garbia izan zen, ez daukazue maliziarik lurrera botatzeko eta!).
Horrela bukatu zen partida. Onena hiru puntuak etxean geratu zirela izan zen, eta horrela lehen postuetan jarraitzeko aukera dugu. Orain merezitako oporrak. Ondo pasa eta gozatu!
Javier Jauregi, Tolosa CF, Euskal Liga