15:45ean jokatzen genuen Tolosako Usabal kiroldegiko futbol zelaian Pauldarrak futbol taldearen aurka, denboraldi hasieratik gure aurka lehen postua jokatzen dabilen taldetako bat, hain zuzen ere.
Nabaria zen gure artean indarra, gogoa eta urduritasuna. Lehenengoa, garaipena gure esku izateko beharrezkoa genuelako eta horretarako entrenamendu biziak bizkarrean generamatzalako. Bigarrena, gure arteko jolasa zelaian burutu nahi genuelako hainbeste desiotako garaipena lortzeko postuetan gora eginez. Eta urduritasuna, gertatuko zenaren berri inork ez zekielako, bertan gure esperotako emaitzak zalantzan jartzen zirelarik. Azkeneko honekin, nik dakidan biren behatzak biluzik geratu ziren, azazkalak jatea saihestezin egiten baitzitzaien (Nai eta Naroa, gaxoak zuek).
Ahaztu gabe, aipatzekoa dut partidua hasi aurretik une hunkigarria bizi izan genuela zelaian. Urte askotan zehar taldekide izan ditugun biri agur esateko garaia iritsi zitzaigun. Kamiseta bana eta milaka oroitzapen soinean izanik, Mirarik eta Beldak txalo zaparrada jaso zuten taldeari adio esanez.
Jada bi taldeak prest ginela, partiduari hasiera eman zion jokozainak. Lehen gola ez zen berandu iritsi, segituan kornerretik ateratako baloia gure atean sartu zuen Pauldarrakeko jokalariak. Burua jaitsi gabe, lehian jarraitu genuen ea jokaldiren bat sortatzen zitzaigun berdinketa lortzeko. Denbora igaro ahala, ez genuen jokaldi bakar batean ere asmatzen eta hutsegiteak bata bestearen atzetik pilatzen ari zitzaizkigun. Era berean segituz, atsedenaldia laster iritsi zitzaigun.
Bigarren zatia hobe joango zelaren esperantzarekin, harmailetako jarraitzaileak oihuka jaso gintuzten zelaira atera ginenean. Baina esperantza geroz eta txikiagoa zen minutuak aurrera zihoazen heinean. Aitortzekoa da, elkar ez ginela ulertzen eta ez genuela joko txukunik aurrera eramaten. 29 minutua jo eta 0-2. 80 minutua jo eta 0-3. Sinestezina egiten zitzaigun, eta ulergaitza aldi berean. Martxa berdinean segituz… espero gabeko 0-3 batean amaitu genuen partida.
Alde batetik, ahazteko modukoa den partida izan da. Baina bestetik, kontuan hartzekoa, ikasteari eta lan egiteari utzi behar ez diogulako, jokoan elkar ulertu eta laguntzeko, guztiok batera partiduz partidu gure helburuak lortzen joateko asmoz. Datorren larunbatari dagokionez, 15:45ean jokatzen dugu Anaitasunaren aurka, oraingoan ere Usabalen. Ongietorriak zarete, zuen babesa gustura jasoko baitugu!
Eutsi nexkak!