Hiru egunetan entrenatzen dugu eta argi utzi zigun Imanolek, eta guk ere garbi genuen, asteburuan zetorren partida bai edo bai irabazi behar genuela. Batez ere, lehengo urteko sentsazio gazi-gozoari buelta emateko (2-2). Pasa den urtean Berazubin jokatu genuen eta asteburu honetan ere, beharbada kasualitatea edo apropos ezarritakoa. Dena den, gu hiru puntuen bila gindoazen.
Beroketari ekin genion eta eskerrak zelaia bustitzea bururatu zitzaiela bertan jolastea ezinezkoa baitzen. Hasi genuen partida, lehenengo zatia zein bigarrenaren bi herenak gureak izan ziren. Behin eta berriz saiatu ginen baloia sarean sartzen baina ez genuen lortzen. 70. minutuan aldaketak egin zituen Imanolek eta aulkitik animatzea tokatu zitzaigun Eneritzi eta niri, komentaristak ematen genuen.
Partidaren amaieran iritsi zen lehen gola, 83. minutuan. Maddi, golaren arduradunak, ez nuke esango buru handia duenik, baina beti bilatzen du zulo bat baloiari emateko. Aitzitik, aurkariek, bi minutu behar izan zituzten markagailua berdintzeko. Berriz ere lehengo urtekoa pasako zelakoaren beldur ginen denok.
Miraria, jainkosa edo taldearen salbatzailea, nahi duzuen bezala deitu… baina minutu gutxi geratzen zirela, bi aurkariren artean «pasilotxoa» bilatu zuen eta 88.minutuan markagailua 2-1 polit batean utzi zuen. Denok dakigu zeinez ari naizen ezta? Bengol noski.
Partida amaituta, nabari zen gure artean alaitasuna. Merezitako garaipena eskuartean izanda, afari batek itxaroten baitzion taldeari. Nik kale egin nuen baina gauean elkartu ginen denok. Bata bestea baino alaiago, bakoitzak jakingo du igandean izandako ajea.
Hurrengo aurkaria Oiartzun dugu, beste partida zail bat izango dela argi dago baina ez gara txikituko eta beste hiru punturen bila goaz.
Aupa Tolosa! Animo neskak!
#Aulkitik
Saioa Zubillaga
Tolosa CF, Euskal Liga