Aulkitik: "Mendekua"

Astelehena 17; Elorrioren kontrako partidari (emaitza; berdinketa) buruzko hausnarketa egiteko eskatu zigun Imanolek isilean, bakoitzak bere ondorioak ateratzeko.

Nik ez nuen ondo ulertu «isilean» kontzeptua eta hizketan hasi nintzenean Imanolek atentzioa deitu zidan esanez; «hitz egiteagatik asteazkenean zuk egingo duzu ahots goraz hausnarketa».


Asteazkena 19; aldagelan sartu eta taldekideko bizpahiruk esan zidaten ea prest neukan diskurtsoa, nik baietz.


Ostirala 21; Naiek galdetu zidan ea noiz esango nuen pentsatutakoa, hausnartutakoa, gogoz omen zegoen. Nik aldiz erantzun nion; «entrenatzaileak hitza ematen didanean».


Astelehena 24; oraindik ere ez dit hitza eman baina hemen doa: Elorriok aukera bat eta gol bat. Guk ordea, hamar aukera eta gol bat. Ez geratu zenbakiekin, geratu esanahiarekin. Askotan esaten da futbola ez dela justua, ba hori izan zen horren adibide. Emaitza partidarekin bat zetorren? Ez, baina hori ere futbola da, horretatik ere ikasi beharra daukagu.


Larunbata, irailak 22, Goierri-Gorriren aurka jokatu behar genuen norgehiagoka. Etenaldia: pasa den denboraldian 0-3 galdu genuen. Motibazioa, gogoa eta mendekua hitzak ziren denon pentsamendutan zeudenak, nirean behintzat bat errepikatzen zen, behin eta berriro; mendekua.


Denon nahia errealitate bihurtu zen: 1-4 «eta etxera». Goleatzaileak; ni neu, Bengo (2) eta Herrero. Bi anekdota; lehena, izenez Ainhoa Garikano eta ezizenez Gari. Lehenengo zatia zen eta markagailua berdinduta. Garik zuen baloia eta gure atera zihoan, atzean aurkaria baitzuen. Zer zen errazena? Naroari, alegia, atezainari pasatzea baloia. Eta zer egin zuen? Driblin laburra, Gariren driblin mitikoa. Eta nola ez, ondo atera zitzaion, harmailetan «uoooo» entzun zelarik. Partida amaitzean Goek (Izaro Goenaga) komentatu zuen ia bihotza atera zitzaiola, nola egin zezakeen hori area ertzean. Herrerok erantzun zion; ez nau harritzen eta nik esan nuen: ni ere ez, hori egin bazuen, ziur egongo zen atera egingo zitzaiola, bestela ez zuen egingo. Eta hori esan eta gero pentsatu nuen: horrelako egoera batean ezin zara inoiz seguru egon baina adorea behar da hori egiteko eta berak badu.


Bigarren anekdota taldeko goleatzaileari buruz da. Bengo (Ainhoa Bengoetxea) edo orain jarri diogun ezizen berria Bengol. Hasteko datu bat: hiru partida, lau gol. Zergatik orain Bengol? Txikitan beti deitzen genion Bengo, abizenetik baitator. Aurten ez dakit nola hasi ginen horrela deitzen baina hainbeste gol sartzen dituela eta… Bengol ezizena asmatu genuen eta gainera ondo geratzen da «Bengooooool».
Asteburuan Berazubin jokatuko dugu. Guretzat beti da berezia zelai historiko honetan jokatzea eta guk ere Berazubiko historiaren parte izan nahi dugu. Aurrean aurkari zaila izango dugu: Derio. Patua edo kasualitatea, iaz ere aurkari berdinaren aurka jokatu genuen Berazubin. Emaitza: 2-2. Ez dut ezer gehiago esango... Han nahi zaituztet denok.

Zuriñe Iglesias

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!