Harmailetatik: "Igande goiza"

Erabiltzailearen aurpegia Tolosa CF Emakumezkoen futbola 2018ko irailaren 20a

Igande goiza da. Leihotik begiratu eta eguraldi ederra datorrela nabari da. Balkoira atera eta fresko-fresko dago. Edozein plan egiteko aukera ezin hobea.

Hernio aldera agian? Jendea eta trikitia ez dira faltako bertan. Ibarrako azokan buelta bat? Hondartzara?
Azken egunak aprobetxatu beharko ditugu! Eta zergatik ez Euskal Ligako nesken partida ikustera joan?
Aurreko denboraldian ikuskizun ederra eman zuten eta orain ere bide beretik hasi dute denboraldia.
Harmailetan daude nola ez guraso, lagun eta beste zenbait neska. Goizeko freskotasunik ez dagoen arren, freskotasunez mugitzen dute baloia gure Tolosako neskek.

Elorrio da gaurkoan aurkaria eta badirudi entrenatzaile bat baino gehiago ekarri dutela isildu gabe ari baita gizonezko bat harmailetatik oihuka.

Gure neskek gogotsu heldu diote partidari eta gehienean baloia beraien hanketan egon bada ere, elorriotarrek nahikoa izan dute behin iristearekin, baloia gure sarean sartzeko.

Zero eta bateko emaitzarekin amaitu da lehenengo zatia. Markagailu horrekin joan dira aldageletara, baina tolosarrek ez dute etsitzen eta bigarren zatian ere dena emanaz aritu dira.

Azkenean etorri da gola. Banakoa egin du Bengoetxeak eta gehiagoren bila ibili arren horrela bukatu da gaurkoa.

Irabaztea merezi arren horrelakoa da batzuetan jokoa.

Datorren larunbatean, arratsaldeko bostetan, Beasainen izango da hitzordua, Goiherri-gorri izango da aurkari.

Partida gogorra aurreikusten da baino seguru duten guztia emango dutela.

Etxean ere izango dugu partida gehiago ikusteko aukera eta bete ditzagun aulkiak jendez. Jarri diezaiogun kolorea. Emakumeek ere gozatzen dute kirol honetaz eta gozarazi zalea.

Eskerrik asko neskak. Baduzue kalitatea. Jarraitu ezazue bide beretik eta izan dezazuela zortea.

 

Arantxa Beain, Tolosa CF, Euskal Liga

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!