#TolosaKoparenBila

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Igartua 2018ko ekainaren 7a

Behin finalerdietara iritsita, bagenekien joan-etorriko bi partida izango zirela. Esan bezala, Athletic B taldea genuen aurrez-aurre, baina, nahiz eta bigarren mailako taldea izan eta errespetu handia eduki, argi genuen ez genuela galtzekorik eta ahal genuen guztia emateko prest geundela.

Lehen partida etxean jokatu genuen eta lehen zatian ondo lehiatu arren, azkenean amore eman eta 0-3ko emaitzarekin konformatu behar izan genuen. Larunbatean aldiz, itzulerako unea zen eta ba al dago denboraldi eder hau saritu eta borobiltzeko Lezaman jokatzea baino modu hobeagorik?

Denok Usabalen elkartu ondoren, Lezamarantz abiatu ginen. Oraingo honetan, nabari zen azterketak gerturatzen ari zirela eta horren isla jendearen liburu eta apunteak ziren, autobusean zerbait ikasiko zutela edo mirariren bat agertuko zitzaielakoan.

Partidari dagokionez, beraiek  jokoan gailendu zitzaizkigun baina guk presioa ondo eginez gure gol-aukerak ere eduki genituen, baina, ez genuen zorterik izan baloia sareratzeko orduan. Bukaeran,  1-0ko emaitzarekin amaitu zen partida eta gure joko eta eman genuen itxura ona ospatu genuen, gurasoen txalo artean.

Nork esan du hasiera batean brometan hasi ginen leloa, egi bihurtu ez daitekeenik? #tolosakoparenbila

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!