Hasieratik gureak, beraien jokoa eginez eta baloia ondo mugituz, aukerak sortzen aritu ziren. Aurrean aldiz, guztiz kontrakoa; beraien asmoa atzean sartu eta kontraerasoak eta jaurtiketak aprobetxatzea zela zirudien, oso joko gutxi eginez. Lehen zatian etxekoak, hainbat aukera eduki zituzten, Maddi eta Aioraren jaurtiketak besteak beste, baina, egindako jokoak ez zuen fruiturik eman eta atsedenaldira golik sartu gabe joan ziren.
Atseden ostean, neskak animatuta atera ziren eta bigarren zatiaren hasieran, penalti bati esker, Ainhoak gola sartu eta partida gure alde jarri zuen. Behin markagailuan aurretik jarrita, gauzak errazago joango zirelakoan geunden, baina, gure pozak ez zuen luzaro iraun, beraiek partida berdintzea lortu baitzuten. Hala eta guztiz ere, bukaerara arte saiatu beharra zegoen eta halaxe egin zuten gure neskek, bakoitzak zuen indar guztia zelaian utziz. Denon ilusioak, berriz, bertan behera geratu ziren epaileak partidari amaiera eman zionean. Ondoren, talde bakoitzak 5 penalti jaurtiketa bota zituen eta hemen, 4-2ko emaitza lortu genuen geure alde.
Amaieran denak penaz geratu ginen, markagailuak ez baitzuen partidan zehar neskek egindako lana eta saiakera islatu; baina, oraindik dena ez dago galduta eta jarraian dituzten bi partidak irabaziz gero, hurrengo fasera pasako gara. Aukera dugun bitartean, ez dugu esperantzarik galduko eta datorren astean, Hernaniren aurka gogotsu irtengo gara.
Aupa neskak!
Gora Tolosa trakatra!