Aurkariak Oiartzungoak eta liga honetako azken partida etxean. Sarreran rifara-ko txartelak saltzen eta beste zenbait laguntza ematen borondate handiko gurasoak.
Partidari dagokionez, aparteko tentsio girorik ez, ligan beren postua erabakita baitute. Hala ere, jokoa jokoa da, eta irabazteko grina eta lortu nahi diren 69 puntuen bila atera ziren gureak.
Berehala eduki zuten tolosarrek lehen aukera, baina horretan geratu zen. Bigarrena, aldiz, Izarneren hanketara iritsi eta jokaldia ederki bukatu zuen. Ez zuen denbora asko pasa Sebasek markagailua aldatzera joateko. Handik gutxira gure 'Izar(ne)rak' orkatilan min hartu eta lehen zatia bukatu aurretik Zuriñe sartu zen bera ordezkatzera. Lehen zatia amaitzerako, Bengo pichichi-ari esker 2-0 abantailarekin lasai joan ginen kafea hartu eta tertulia pixka bat egitera.
Bigarren zatia ez zen okerragoa izan eta Maddik beste gol bat sartu zuen Izaroren pase bikain baten bidez. Hauxe izan zen partida amaitu arteko emaitza.
Nahiz eta orain artean golegileak soilik aipatu, talde guztiaren lan bikaina goraipatu nahi dut, prestatzaile eta laguntzaile guztiak barne direlarik. Berazubiko futbol zelaian jokatzeak, jokalariei zein ikusleoi emakumeen futbola gehiago disfrutatzeko aukera eman zigun.
Gora Tolosako neskak!