Harmailetatik: Eguzkipean

Erabiltzailearen aurpegia Javier Jauregi 2018ko api. 19a, 07:15

Ligako azken partida Bizkaia aldera, Barakaldora zehazki. Aurreko partidarekin konparatuz bazkaltzeko denbora pixka bat izan genuen arren, arin ibili behar busa hartzeko.

Usabal aldera gindoazela bizikleta lasterketa ikusteko aukera izan genuen. Garikanotarrak zein baino zein azkarrago pasa ziren gure ondotik hautsak harrotuz. Joxemi izan zen garaile, baina ez dakigu seguru ea tranparik egon zen. Jokoan zer ote zuten ez genien galdetu, baina agian aste osoko etxe garbiketa edo afaritxo bat azkenaren kontu.

Autobusa hartu, eta beti bezala, guraso batzuk siesta eder bat bota, beste batzuk liburua irakurri eta gainontzekoak kontu kontari joan ginen. Neskak, ordea, normala den bezala, kantari joan zitzaizkigun bidaia osoan. Baina oraingoan, ohikoa ez den moduan, gitarra eraman zuten, Paco De Lucia-ri itzal pixka bat egin nahian. Eurovisionerako prestaketan ari zirela zirudien. Zuriñe eta Izaro abeslari gisa eta gainontzekoak Coro La La La. Partida bukatu eta bueltan berdin jarraitu zuten. Mireiaren urtebetetzea zela eta, bideo txiki bat bidali zioten zorionduz. Neskak dirudi ez zirela gehiegi nekatu partidan zehar, ez baitziren geldirik etorri.

Zelaira iritsitakoan, guraso batzuk turismoa egitera joan ziren, eta besteak kafetxo bat hartzera. Eta ohikoa den bezala hizketan aritu ginen, aurreko urteko boltereta bikaina gogoratuz. 4-0 galtzen joan ondoren, 4-5 irabaztea lortu genuenekoa.

Zelaira sartu, eta zegoen eguraldi bikainarekin bi talde sortu ziren, «Tendido sol» eta «Tendido sombra». Ezer esan gabe erraza izango da asmatzea ea emakumeak zein aldetara hartu zuten bidea eta gizonezkoek nora.

Eta partida nola joan zen? Gauzak ondo hasi ziren Izarneren areaz kanpoko jaurtiketa batekin, baina ia ospatzeko astirik izan gabe beraien gola iritsi zen. Ondoren, epaileak penaltia adierazi zuen etxeko taldearen alde, eta horrela markagailuan 2-1ekoa lortu zuten bizkaitarrek. Kontraeraso batean, Maddik baloia area barrura jaurti zuen eta Leirek berdinketaren gola egin zuen. Bigarren zatian aukera asko eduki arren, Aiorak bizkarrarekin sartutako golarekin aurretik jartzea lortu genuen. Asko barkatu ondoren, azken bost minutuetan sufritzea tokatu zitzaigun, barakaldotarrek hiruzpalau korner jarraian atera baitzituzten. Hala ere, gure neskak ederki moldatu ziren arriskua urruntzen.

Horrela bukatu zen partida, hiru puntuak etxera eramanez. Orain azken bi partidak irabazten saiatuko gara denboraldi eder honi amaiera bikaina emateko.

Datorren igandean etxeko azken partida jokatuko dugu Berazubin, 16:30ean.

Beraz, etor zaitezte talde urdina animatzera!

Aupa Tolosako neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!