Aulkitik: "Ametsetatik errealitatera"

Erabiltzailearen aurpegia ZuriƱe Iglesias 2018ko ots. 23a, 12:44

Jeiki guztiok goiz kantaren soñua eta ez galdu ondoren datorrena… Eta horrela esnatu ginen denok Zaldunita egunean, bakoitza bere mozorro beldurgarri, topiko zein misteriotsuarekin.

Egunean zehar zenbait argazki atera genituen; zenbait binaka eta beste asko hirunaka… kontua argazkia ateratzea zen eta taldeko WhatsApp-era, harrotasun osoz, bidaltzea. Asteazken eguerdian aldiz, ez ginen hain umore onarekin jaiki; batzuk tripako mina, beste batzuk sukarra, beste batzuk buruko mina… Imanolek ohartarazi zigun kontuz ibiltzeko, disfrutatzeko jaiez baina ez gaixotzeko; ez zuela nahi inongo bajarik. Baina egia esateko, zeinek dauka gorputza behar bezala inauteriak eta gero? Horregatik bai asteazkenean, bai ostegunean eta baita ere ostiralean entrenatu genuen, gorputza bere onera itzuli zedin lehenbailehen.

Historiak ez du gezurrik esaten eta iraganean izandako emaitzek hala frogatzen dute. Inauterien ondoren jokatu ditugun partidu guztiak kontuan hartuta; ez dut gogoratzen urte bat, partida bat irabazi denik, denak berdindu edo galdu egin ditugulako. Zehazki, pasaden urtean Zaldunita egunean Erandion geunden arratsaldeko 18:00etan; 1-0-arekin bueltatu ginen Tolosara.

Ez dakit kasualitatea edo patua den baina aurtengo egutegia ikusi nuenean, begiratu nuen lehenengo gauza ea inauterietan jardunaldia genuen ala ez izan zen, eta ez, ez genuen. Baina ohartu nintzenean inauterien aurreko eta ondorengo taldeak zein ziren… Inauterien aurretik, Arratia (2.mailatik jaitsi berria) eta inauterien ondoren Bizkerre (lehengo urtean 2.mailara igotzekotan egon zena). Eta jardunaldiak aurrera joan ahala lehen aipatutako bi taldeak eta gu geunden klasifikazioko lehenengo hiru postuetan.

Eguberrietan klasifikazioa ikusita pentsatu nuen; inauteriak erdian izanda denboraldiaren noranzkoa markatuko dituen bi partidu jokatuko ditugu. Baina horrek makurtu beharrean gailendu egin zigun; historia aldatu eta patuari aurre egiteko prest geunden. Gure feudoan Arratiaren aurkako partida aurrea atera genuen 2-1 irabaziz (Tolosan ez dugu oraindik ezta partida bat bera ere galdu, azpimarratzekoa). Bitik bat lortu genuen eta Bizkerren aurkako partida irabaztea bakarrik falta zen.

Honelako jarrerarekin abiatu ginen Getxora, inongo presiorik gabe, gure aurtengo denboraldiaz gozatuz; Getxotarrek aldiz, zenbait urte daramatzate bigarren mailara igotzeko asmotan. Partidaz ezer gutxi, Mariaren “pistinazo” bat eta Leireren zenbait oihu taldea animatzearren; jada 16.minutuan 2-0 gindoazen galtzen eta egia esan zaila da horrelako emaitza bat altxatzea jakinda zein genuen aurrean. Hala ere ez genuen burua jaitsi eta lehenengo zatia bukatu baino lehen izan genituen partiduko aukera garbienak, baina ez genuen lortu materializatzea. 2.zatia bestelakoa izan zen, beraiek baloiaren jabe izan ziren eta guk aukera gutxi izan genituen, eta horrela korner baten bidez sartu ziguten 3-0-koa.

Esan beharra daukat, nire ustez, Bizkerre Euskal Ligako talde osoena dela, jokoaren aldetik behintzat, hobeen dominatzen duena baloia. Ez ditut nahi aitzakiak jarri baina aipatu behar dut gure taldean baja asko zeudela; bai lesionatu, bai gaixo zeudenak eta baita ere Espainiako selekzioarekin Ingalaterran zegoen Izarne Sarasola ibartarra.

Bukatzeko parentesi bat egin nahi dut. “A segunda” hitza tabu-a izan da gure taldean. Duela hiru urte gure taldeko eskarmentu handia dutenak esperientzia txar bat bizi zuten. Euskal Ligan zeuden eta bigarren mailara igotzeko helburua zuten, helburua edo ilusioa, deitu nahi duzuen bezala baina kategoriaz igo beharrean jaitsi egin ziren.

Horregatik aurten ere gure taldeko txikienak (16 urte dituzte) bigarren mailara igotzeko aukerak genituela esan zuten eta taldeko zaharrenek aldiz, esan zuten hobe genuela “a segunda” hitza aipatu ere ez egitea, beraien esperientzian oinarrituz. Hausnarketa eginez, txikien ametsak eta handien errealitatea bateratuz, ametsak errealitate bihurtu behar ditugu. Eta agian aurten ez da urtea edo bai, inork ez daki zer gertatuko den baina egia den gauza bakarra da aurten izugarrizko denboraldia egiten ari garela eta hori inork ez digu kenduko; 22 partiduetatik, 14 irabazi, 5 berdindu eta 3 galdu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!