Aulkitik: "Gero arte!"

Irailaren 30a. Larunbata. Berazubi. Tolosa-Añorga. Partida berezia dela esan dezakegu larunbata honetan jokatutakoa.

Alde batetik, Añorga baikenuen aurkari eta nahiz eta gure artean ondo eraman beti izan dugu “pike” interesgarri hori beraien aurka, betidanik izan baitira gure aurkari sutsuak. Beste aldetik, irailari amaiera polita eman nahi genion eta hala egin ere. Irailari ez ezik, urte askotan gure taldean egon diren zenbait neskei ere agurra eman nahi baikenien.

Nesken futbola bultzatu nahi dugulako eta gure partidak interesgarriak direlakoan, astean zehar mezu bat zabaltzen saiatu ginen asteburuko partidaren berri emanez eta ahal zuen jende gehiena ikustera joateko eskatuz. Berazubin jolasten genuen eta guretzat nesken futbolerako aurrera pausu handi bat dela uste dugu hor jolastea eta aukera hori aprobetxatu nahi genuen, ez baititugu asko edukitzen.

Berazubi betetzen zihoan heinean, gu ere berotu ginen eta jolasteko prest jarri ginen. Orduan iritsi zen momenturik ederrena. Gure taldean urte askoan jolasten aritu diren Regil, Eider, Cynthia eta Eli-ri agur berezi bat egin nahi genien. Lehenengo aldia zer horrelako zerbait egiten zitzaiela futbola utzi duten neskei eta oso polita geratu zen. Kamiseta bat jaso zuten beraien zenbaki eta izenarekin eta nola ez, talde osoaren izenean idatzitako testutxo polit bat entzuteko aukera izan genuen. “Mila esker bihotzez taldearen izenean eta hau ez da agur bat gero arte bat baizik” esaldiarekin amaitu eta partidari hasiera eman genion.

Partida gazi-gozoa izan zen oraingoa. Orain arte oso ondo sentitzen ari ginen zelaian eta emaitzetan isladatzen zen hori. Oraingoan berriz, ez ginen oso ondo sentitu eta ez genuen gure %100 eman eta ezta gure bertsiorik onena ere baina 4-1 eko emaitzarekin amaitu zen. Esan dezakegu 3 puntuek ematen diotela zapore gozoa asteburuko partidari eta beste guztiak hobetzeko balio dezala!

Besterik gabe, mila esker Berazubira gerturatu ziren guztiei eta mila esker gure lau neskei orain arte taldeari eman dioten guztiagatik.


Futbolak lotzen duena ez duelako beste ezerk hautsiko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!