Talde gaztea handi

Erabiltzailearen aurpegia Tolosa CF Emakumezkoen futbola 2017ko maiatzaren 11

Azken helburu hau abiapuntutzat ekin genion denboraldiari ilusioz gainezka. Gipuzkoatik atera eta Bizkaian nahiz Araban arrastoa uzteko aukera, jokalari berriak, aldageletako musika, bazkaltzeko ogitartekoak eta nola ez, giro bikaina taldekideon artean, Euskal Ligako usaina berriz ere, azken urteko igoeraren fruitu.

Aurtengoan, orain bezala Aulkitik edo nola esan, Harmailetatik nire indar guztiak bidaltzea besterik ez zait geratu urteetan taldekideak izan direnei, ekipo gazte baina aldi berean handi den honen parte sentitzeko beste modu bat. Gorabeherak, lesioak, partida txarrak zein onak eta sentsazio gazi-gozoak bidelagun izan ditugun arren, beti ere indarrak bildu eta Aldapan gora, pausurik pausu kantua abestu ez ezik, baita aplikatuz ere azken aurreko norgehiagokan jadanik helburua lortua genuen, Euskal Ligan mantentzea alegia. Agerian dira urte guztiko jokalari bakoitzaren lanak, eta nola ez entrenatzaileenak, merezitako saria utzi duela Tolosan.

Larunbatean kopa, ezer galtzekorik ez genuela, saritzat eta denboraldiari amaiera emateko, bigarren mailako taldea den Añorga jaso genuen etxean. Erronka polita, izan ere irabaziz gero Lezama bisitatzeko aukera izango genuen. Nahiz eta kanpokoei sorpresatxoa emateko ilusioarekin zelairatu eta lehenengo zatian zehar fin ibili, Añorga nagusitu zen 0-3koarekin.

Ikusitakoak ikusita eta denboraldia gogoan, agian «Dagoeneko bukatu da?» galderarekin geratuko gara beste urte baten esperoan.

Nahiz eta taldekideak joan eta berriak etorri, Euskal Ligan jokatzeko aukera polita utzi diegu ondorengoei, emakumeon futbola hazten jarraitzeko izan dadila! Eta bide batez, mila esker bakoitzari Aulkitik bada ere taldean sentiarazteagatik.


Txapela kentzeko moduko urtea neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!