[AULKITIK] Denon artean helburua lortuta

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Igartua 2017ko maiatzaren 4a

Ligako azken partida geratzen zitzaigun, baina helburua lortuta genuen jadanik, hurrengo urtean berriz ere Euskal Ligan egotea. Lan bikaina neskak!

Behin gure lanak eginik, lasai gozatzeko unea zen eta hori, astean zeharreko entrenamenduetan nabari zen. Larunbatean, aldiz, patxada alde batera utzi eta jokoan itxura ona emanez bukatu nahi genuen denboraldia. Nahiz eta partida uste baino zertxobait zailagoa izan, gure borroka eta harmailetakoen laguntzaz, hiru puntuak etxean geratzea lortu genuen.

Behin partida amaituta, ospatzeko unea zen eta ba al dago horretarako modu hobeagorik taldeko afari bat egitea baino? Bertan, gure arteko giro ederra nabari zen eta Mirari eta Naroa bertsolariek egindako bertso polit eta parranda pixka batekin eman genion amaiera egunari.

Denboraldia amaiturik, larunbatean 17:30ean kopako partida dugu, non gure aurkaria nazional mailako Añorga taldea izango den. Beraien maila kontuan edukiz, badakigu partida irabazteko gauzak oso ondo egin beharko ditugula, baina galtzekorik ez dugunez, dena emateko prest eta beraiei gauzak zail jartzeko asmoz irtengo gara zelaira.

Azpimarratzekoa da denboraldi guztian zehar jokalari eta teknikoek izan dugun jarrera, momentu oro gure artean animatu eta bakoitzak taldeari egindako ekarpenari esker lortu baitugu maila mantentzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!