Barça-ren lorpena txiki utzi dugu

Erabiltzailearen aurpegia Saioa Zubillaga 2017ko mar. 16a, 15:19

Joan den asteburuan, seniorrek gonbidatuta, beraiekin norgehiagoka jokatzera joan ginen Maria eta ni. Barakaldon jolasten genuen.

Bagenekien aurretik, aurkituko genuena ez zela erraza izango, sailkapenean puntu bat gehiagorekin baitzeuden aurkariak. Baina hori ez zen arrazoi izan legez egiten duten autobusaren atzekaldeko karaokea alde batera uzteko.

Partida ez genuen bide onetik hasi, 25-30 minutu igaro bezain laster 4 gol jaso genituen. Sinesgaitza zen: motibazioa zein elkarrenganako animoen falta sumatzen ziren. Atsedenaldian Imanolek zenbait oihu bota ondoren eta Leirek bere amari garrasika topera animatzeko esan ostean, jarrerak zertxobait aldatu ziren.
Norgehiagokaren bigarren zatiaren hasierak berdin jarraitu zuen. Jarraian, Patri atezainak kolpea hartu eta partida 10 minutu luzez geldi egon zen. Orduan Imanolek atezain aldaketa zein beste hiru aldaketa burutu zituen, ni barne. 70. minutuan markagailuak berdin jarraitzen zuen.

Lehenengo gola 75. minutuan sartu nuen eta segidan Ainhoa Bengoetxearen bi golazo eta Garikanorena etorri ziren, launakoa lortuz. Ezin genuen sinistu, markagailua berdintzea lortu genuen. Hori ez zen dena izan, 98.minutuan, epaileak ezarritako luzapenean, zorte askorekin 5. gola sartu nuen. Denen besarkadek zein Garikanoren «La puta ama!» oihuek izugarrizko poza eman zidaten. Minutu bat ere ez zen geratzen amaierarako.

Esan beharra dago, afizioak emandako animoak ezinbestekoak izan zirela. Patri atezainaren famili erdia ahots gabe geratu baitzen. Gol bakoitza eta gero «Beste bat, beste bat...» oihukatzean denen motibazioak gora egiten zuen. Jokoa hobetu genuen eta partida gurea izan zen. Argi dago, Barça-ren buelta gurearen alboan ezerezean geratzen dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!