Helburua gero eta gertuago

Erabiltzailearen aurpegia Tolosa CF 2016ko apirilaren 28a

Iritsi zen larunbata eta aste guztia lehenengo postuan pasa ondoren helburu horri eusteko gogoarekin joan ginen Usabal kiroldegira. Igandea zen eta nahiz eta askori larunbateko parranda izorratu beste askok sekulako parranda bota zutenaren aurpegiekin zetozen. 

Denak gogotsu geunden, baina urduritasun puntu hori nabaria zen, izan ere, Ostadarren aurkako partida ez zen erraza izango, baina aldi berean, izugarrizko aukera zen Arizmendi taldeari hiru puntuko aldea ateratzeko. Alineazioa esaterako garaian, parrandan ateratako askok lurrera begiratzen zuten, bere izena ez esateko asmoarekin. Aldatu, berotu eta berehala hasi zen partida.

Hasierako minutuak ez ziren denboraldiko onenak izan, egia esan lehen 45 minutu txarrenak egin genituen eta horrela amaitu zen lehen zatia, markagailua mugitu gabe, 0-0.

Atsedenaldian gure arteko animoak eta hiru puntu jokoan zeudenaren pentsamenduak inoiz baino indartsuago ateratzeko arrazoia izan ziren, eta horrela hasi zen gure jokoaren ikuskizuna. Gure afizio leialaren indarra eta animoek asko lagundu zuten eta honekin batera lehen golak etorri ziren, Irene, Leire eta Alazneren (2) eskutik. Azkenean, 4-0ko emaitza lortu eta joko ona egin genuenaren sentsazioarekin joan ginen. Beste astebetez lehen postuari eutsiko diogu eta igoerarekin amesten jarraituko dugu.

Hiru final geratzen dira aurretik, azken txanpa da neskak, horrela jarraitu behar dugu lanean, partidatik partidara, inoiz baino elkartuago egon behar gara helburua lortzeko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!