Itzulerakoan Arizmendikoei merezi dutena emango diegu

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Martinez 2016ko urt. 13a, 08:55

Gabonetan bapo-bapo jarri ondoren, berriro ere egunerokoari eusteko garaia heldu zitzaigun. Bi aste oporretan igaro ondoren, larunbateko partidari eutsi beharra genion, eta horretarako zenbait entrenamendu eduki genituen.

Bagenekien ez zela partida erraza izango, izan ere, Arizmendikoak lehenengo postuan zeuden, gure puntu berdinekin. Hala ere, taldea sekulako gogoekin zegoen hiru puntuak lortu eta lehenengo postua eskuratzeko.

Larunbatean, 13:15erako joan ginen Usabalera, gosaldu beharrean bazkaldu egin genuela uste dut! 14:00etarako Aretxabaletan geunden, batzuk erdi zorabiaturik iritsi ginen baina denbora soberan genuen mareoa kendu eta kafe bat hartzeko. Aldageletara sartu eta musikarik ez, Mireiari altabozak ahaztu baizitzaikion. Entrenatzaileek hamaikakoa esan, berotu eta gogor atera ginen partida irabazteko asmoz. Ez genituen aukera garbiak eduki, eta zatiaren erdialdean beraien gola etorri zen, guk baloia erdialdean galdu ondoren. Lehenengo zatia 1-0koarekin amaitu zen, eta aldageletara nahiko burumakur joan ginen.

Atsedenaldian Imanolek eta Marcelinok beraien txarla bota eta oraindik ere gogo gehiagorekin atera ginen zelaira. Baina partida irabazteko saiakerak ez ziren nahikoak izan. Laster etorri ziren beraien bigarren eta hirugarren golak, guk egindako akats batzuen ondoren. Sekulako golpea izan zen, baina hortik gutxira Oihanak lehenengo gola sartu zuen korner batean, eta borrokan jarraitzeko indarra eman zigun. Ondoren Elik sekulako gola sartu zuen area kanpotik, eta geroz eta gertuago ikusten genuen irabazteko aukera. Arizmendikoek bi txartel gorri ikusi zituzten, sarrera itsusiak egin baitzituzten. Baina nahiz eta beraiek bi gutxiagorekin egon, laugarrena iritsi zen faltaz. Denbora amaitzen ari zen, hala ere ez genuen partida galdutzat eman eta berriro ere Elik gola sartu zuen. Partida 4-3koarekin amaitu zen.

Oraingoan ez zen posible izan etxera hiru puntuak ekartzea. Orain hurrengo partidan pentsatu behar dugu, eta nola ez, irabazten saiatu larunbat honetako porrota ahazteko. Bueltakoan Arizmendikoei merezi dutena emango diegu. Aupa neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!