Denak pozik

Erabiltzailearen aurpegia Tolosa CF Emakumezkoen futbola 2015eko urriaren 28a

Argazkia: Alebin neskak

Tolosako emakumeen hiru taldek garaipena lortu dute, eta txikienek berdindu egin dute Intxurreren aurka.

TOLOSA 9 - HERNANI 1

Golegileak: Ainhoa Bengoetxea (5), Aiora GALARZA, Henar MARTINEZ, Alazne GARMENDIA eta Leire LOPETEGI.

Urdinak 9-1 gailendu ziren larunbatean Hernaniren aurka, hiru puntuak etxean mantenduz.
Hasieratik izan ziren Tolosarrak baloiaren jabe, horrela lehenengo zatiaren hasieran Aiorak buruz eginiko erremate baten bidez, etxeko taldea aurretik jartzea lortu zuen. Bigarren gola ere denbora tarte txikira iritsi zen markagailuan aldea handituz. Lehenengo zatiaren erdialdean ordea, Hernaniarrek kontraeraso bidez aldea murriztea lortu zuten 2-1ekoa sartuz. Etxeko taldeak burua makurtu beharrean atsedenaldia baino lehen hiru aldiz baloia sareratu zuten, aldagelara 5-1 joanez.

Bigarren zatian, aldaketak eginez eta hiru puntuak etxean mantentzea ezinbestekoa zela jakinik, nagusitasuna erakutsi eta lau gol bata bestearen atzetik sartu zituzten amaieran 9-1eko garaipen garbia lortuz.

Hurrengo larunbatean partidu zaila zein garrantzitsua izango dute lider diren Ordiziarren aurka. Altamiran arratsaldeko 16etan.

JUBENILAK: BERGARA 0 - TOLOSA 1

Goleatzailea: AINHOA GARIKANO

Partida zakarra izan zen lehenengo zatian. Bizpahiru aukera izan zituzten urdinek baina ezin. Bergarako neskak gogorrak ziren eta ez zuten horren erraz utzi. Bigarren zatiaren hasieran iritsi zen gola, Ainhoa Garikanoren eskutik. Golaren ondoren gauzak hobetzen joan ziren eta bukaeran Bergarak nahiz eta pixka bat beraien jokoa gogortu ondo eutsi zien Tolosak. Lautik lau irabazi ditu.

Hurrengo partida Usabalen larunbata arratsaldeko 17.30etan Mariñoren aurka

KADETEAK: TOLOSA 3 – ANAITASUNA 0

GOLEGILEAK: IZARNE SARASOLA (2) ETA EIDER TEJERIA

Partidu ona Usabalen ikusitakoa. Tolosarrek dominatu zuten, eta aurkaria lehiakorra izan zen. Azkoitiarrak, gainera, aurkari zuzenak izaten ari dira azken urte hauetan baina ezin izan dute oraingoan. Lehenengo zatia 1-0 bukatu zen, eta bigarren zatian beste bi gol ikusi ziren. Azken gola, gainera, ederra: falta batean jaurtiketa batean baloiak langan jo zuen eta barrura sartu zen. Irati atezain tolosarrak ere geldiketa ederrak egin zituen..

INFANTILAK: TOLOSA B 1 – INTXURRE 1

GOLEGILEA: AINARA CARNE

Partida gogorra eta lehiatua izan zen. Azken zatian tolosak aukera asko eduki zituen arren, Intxurreko atezainak sekulako geldiketak egin zituen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!