Azaroaren 12an banatuko dituzte TOKIKOM Sariak, ‘Komunitatea josten’ jardunaldien baitan

Erabiltzailearen aurpegia Tokikom 2021ko urr. 25a, 20:00

BBC, eldiario.es eta Het Belang van Limburg hedabideen esperientziak ezagutzeko aukera ere izango da.

Euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOM taldeak azaroaren 12an banatuko ditu 2021eko TOKIKOM Sariak. Sariketa urtero egiten du TOKIKOMek, euskarazko toki komunikabideen lan bikaina gizarteratu eta aldarrikatzeko asmoz. Azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onenaren saria emateaz gain, publikoak bozketa bidez erabakitako Komunitatearen Saria ere emango dute ekitaldian. Aurkeztu diren 57 lanen artean, epaimahaiak bederatzi finalista aukeratu ditu sari horiek eskuratzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Maria Gorosarrik eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatu dute eta, nabarmendu dutenez, “igarri da pandemiak aukera eman duela lanketak era pausatuago batean egiteko”.

 

Komunitatea josten jardunaldia

Sariak emateko ekitaldia probestuz, TOKIKOMek jardunaldi bat ere antolatu du, euskarazko komunikabideetako profesionalei zuzendutakoa. Komunitatea josten izenburuarekin, tamaina ezberdineko komunikabideen zein komunikabide horien eta haien publikoaren artean komunitatea osatu eta harremanak estutzeko aukerak aztertuko dituzte, nazioarteko adituen eskutik. TOKIKOMeko zuzendari Alaitz Artolazabalek munduan gertatzen denari adi egotearen garrantzia azpimarratu du: "Ekartzen ditugun profesionalekin dugun harremanak erakutsi digu badugula nondik ikasi".

BBCren Local News Partnerships egitasmoa

Alde batetik, BBC irrati-telebista publikoak Britainia Handiko toki komunikabideekin garatzen ari den Local News Partnerships egitasmoaren berri izango da, egitasmoa zuzentzen duen Matthew Barraclough-en eskutik. TOKIKOMek eta EiTBk denbora daramate egitasmo hori aztertzen, Euskal Herrian antzeko ekimenen bat abiatzeko aukerak baloratzeko.

Eldiario.es-en kidetza programa

Madrilgo eldiario.es egunkari digitala ezaguna da mundu mailan bere kidetza programa arrakastatsuagatik. Nagusiki digitala den komunikabideak lan bikaina egin du bere kideen figura garatzeko, harpidedun soilaren figura gainditu eta benetako komunitate baten parte izan daitezen. Kidetza programa zuzentzen duen Esther Alonsok emango du haren berri xehetua.

Het Belang van Limburg. Euskarri anitzeko planteamendua

Flandriatik, Het Belang van Limburg egunkari hiperlokalak ere lanketa sakona egin du kideen figura uztartzeko lantzen dituen euskarri ezberdinekin: papera, webgunea eta aplikazioa. Bertako kide den Arno Schepersek azalduko ditu xehetasunak jardunaldian.

Azaroaren 12an, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan

TOKIKOMek EiTBren laguntzaz eta Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesaz antolatu ditu sarien seigarren edizio hau eta ekitaldia bera. AIpatu bezala, jardunaldia azaroaren 12an izango da, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Sarrera doakoa izango bada ere, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, segurtasun protokoloak betetzeko. Izen ematea eta ekitaldiaren inguruko informazio xehea TOKIKOMen webgunean topa daiteke: https://tokikom.eus/sariak/2021

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!