Aulkitik

Asteburuan bi erronka

Erabiltzailearen aurpegia TEEP Samaniego-Orixe Tolosaldea 2019ko abenduaren 20a

Oraingo honetan bi erronka, larunbata izanik goizean goiz jaiki beharra nahikoa ez eta San Pedrotarrak zain geneuzkan partida jokatzeko gogoz Tolosako Uzturpe frontoian.

Orixeko nesken artean multak jasotzeko erraztasuna betidanik izan dugun arren, nik uste larunbat honetan marka guztiak hautsi genituela, talde erdia baino gehiago berandu. Zer esango dut nik, 08:15ean geratu ginen beroketa batzuk egiteko eta zortzietan oraindik patata tortilla egiten nenbilen, Orixeko neskak partida jokatu ondoren bapo jateko. Patata tortillaren emaitza ez dut argitaratuko, bakarrik gauza bat, eskerrak Gari.

Larunbata goizeko bederatziak San Pedroko nesken aurka hasi genuen partida, esan beharra dago talde bikaina egin dutela, aurkari finak! Aurreneko zatian urduritasuna nabari zen, jokatzeko gogotsu geunden eta nahiko ondo hasi ginen defentsan, nahiz eta minutuak aurrera, geroz eta gehiago kosta zitzaigun indartsu mantentzea.

Gure ohiko atezainak ezin izan zuen partida jokatu baina ordezko bikaina aukeratu genuen, bai horixe, jokalari moduan aritzen den arren, argi erakutsi zuen atezain izateko behar den kemena. Beste baterako badakigu!

Nahiko burumakur amaitu genuen lehia, bigarren zatian nabari zen gure artean animo baxuak eta gogo falta, baina ez zuen luzaro iraun tristurak, dutxa goxo batek eta hamaiketako borobil batek sendatu zuten dena. Aupa Orixe!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!