[Aulkitik] Gogotsu eta indartsu

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Arregi Leon 2019ko otsailaren 21a

Igandea, eta goizeko 11:15ean partida Lasarten. Espero bezala, gure lehen erreakzioa: «Igandea? Parrandarik gabe larunbatean, benetan? Ba bai!». Hortxe abiatu ginen, batzuk ondo deskantsatuta, eta beste batzuk lo edo aje aurpegia disimulatu ezinik, baina, beti bezala, umore onez eta gogotsu.

Egiten zuen eguraldi paregabea kontuan hartuta, berotzen hasi eta nahiko izerdi bota genuen, partida hasi baino lehen. Ondo berotuta, betiko urduritasunarekin jolastera atera, eta indartsu hasi ginen. Ondo baino hobeto eutsi genion lehen zatiari, baina, partidua aurrera joan ahala, eta animo aldetik gure momentu hoberenean ez geundela aprobetxatuz, gure gainetik jarri ziren aurkariak. Hala ere, ez genuen amore eman, eta partidua berdintzeko aukera ugari izan genituen, azkenean markagailuan 4 eta 1ekoarekin amaitu bagenuen ere.

Lortutako emaitzarekin ez oso gustura, baina bai egindako lanarekin. Ez ziren gutxi izan partidua ikustera etorri zirenak eta, denek, bukaeran, mezu bera: irribarrea eta ondo egin genuenaren keinu ugari. Taldekideok eta Garri, sentsazio positiboekin. Seinale ona.

Orain, gugan konfiantza izaten jarraitzea eta, balio duguna erakusteko, falta zaigun bultzada txiki hori entrenamenduetan lantzea besterik ez zaigu falta. Gutxika aurrera goaz, neskak! Harro, izan dugun eboluzioaz! Aupa Orixe!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!