Ez gaituzte geldituko!

Erabiltzailearen aurpegia Sebas Osinalde 2017ko urriaren 11

Leioako Emakumeak lehen zatian nagusi izan ziren, baina Maddik gola sartu eta partida bukatzea bat izan zen. Hortik aurrerakoa erabat gurea izan zen. Aste garrantzitsuari hasiera ezin hobea eman genion; ostegunean Arratia eta igandean Bizkerre ditugu aurkari. Liderrak gara eta ez gaituzte geldituko.

Oso kontentu nago neskekin, giro oso ona dugu, jarrera egokia. Txikienak, gure pipiolak, Maria eta Izarne oso onak dira. Gainera, atezainek sekulako geldiketak egiten dituzte, nabari da Guillermo atezainen entrenatzailearekin egiten duten lana… jarrai dezatela!

Gure klubeko presidente berria den Iñaki Martixak esan zuen bezala, aurten bigarren mailara? Ilusio handiekin iritsi da, baina gure asmoa lehendabizi maila salbatzea da ahalik eta azkarren, eta gero, Cholo Simeonek esaten duen bezala: «Partido a partido», liga luzea baita.

Bukatzeko, nesken talde guztiak animatu nahi ditut. Aste honetan lehian hasten diren infantilak; Eibarri sekulako jipoia eman zieten kadeteak eta jubenilak. Hauek bitik bi irabazi dituzte, eta larunbatean Añorga izango dute aurkari Usabalen, 15:30etik aurrera.

Katakrak bat zara! Aupa Tolosa trakatra!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!