Maiatza gorria antolatu dute Otsabin

Urtero bezala, egitarau oparoa antolatu dute Otsabiko Gazteek, hitzaldiz, mahai-inguruz eta filmez beteriko jardunaldiak osatuz.

Hilabetearen lehenengo ostegunean, maiatzaren 8a, gaurkotasun handiko auzi bat jorratuko dute: Ukrainako gatazka. Jon Kortazar zen etortzekoa "Zer gertatzen ari da Ukrainan?" galderari erantzuteko, baina azkenean dokumental bat eskainiko dute. Ostiralean, maitzak 9, internazionalismoari eutsiz, Mumia Abu-Jamal Estatu Batuetako preso politiko afroamerikarraren kasua izango dute mintzagai, Euskal Herriko Mumiaren Lagunen eskutik eta haiek euskaratutako "Nire bizi osoa espetxean" dokumentalaren proiekzioarekin.

Bigarren astean generoak eta feminismoa landuko dute Otsabiko Gazteek. Horretarako, ostegunean "Generoa: eraikuntza soziala?" izeneko tailerra antolatu dute, Tolosako Bilgune Feministako kideen laguntzaz. Era berean, emakumeen zapalkuntzaren eta azkenaldiko abortuaren lege-erreformaren inguruan eztabaidatzeko, "El secreto de Vera Drake" filma proiektatuko da Otsabin.

Hirugarren astean, drogen inguruan izango da. Hilaren 22an, Aitor Aspuru laudiotarra izango da Otsabin berak sakonki ikertutako gai bat azaltzeko asmoz: "Drogak, kapitalismoa eta mugimendu politiko erradikalak". Hurrengo egunean, 80. hamarkadako egoera soziopolitikoa eta drogen afera oso ondo irudikatzen duen filma proiektatuko da, hain zuzen ere "El pico" filma. Ondoren, eztabaida burutuko da.

Eta amaitzeko hilabetea, azkeneko asteko ostegunean Autoeskola Antikapitalista izango dugu Otsabin, Ipar Koreako atzerriko ordezkaria den Alejando Cao de Benos politikariari egindako elkarrizketaren nondik-norakoak azaltzeko asmoz. Horren ostean, eztabaida bat zabalduko dugu. Ostiralean, berriz, kapitalismoaren alternatibak, globalizazioa eta errepresioaren inguruko zineforuma izango da Ernairen eskutik proiektatuko den "Díaz, no limpiéis esta sangre", alegia 2001ean Genevan G-8ko Gailurraren harira egon ziren gatazken inguruko filma.

Maiatza Gorriari bukaera emateko, zehazteke dauden kontzertuak antolatuko dira, hilaren 31ean. Hitzaldi eta proiekzio guztiak 19:30etan izango dira (maiatzaren 30ekoa salbuespen, azken ostiraleko euskal preso politikoen aldeko mobilizazioen ostean izango dela, 20:15etan alegia), Tolosako Izaskun Auzoko Otsabi Auzo Elkartean, Igaralde kaleko laugarrenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!