Badator 2013-ko Asteasuko Mendi Astea

Erabiltzailearen aurpegia Sagain mendi taldea 2013ko aza. 11a, 11:40

Gaurtik iganderaino, mendi inguruko ikus-entzuneko eta ekitaldiz osatutako programa prestatu du Sagain mendi taldeak. Bihar, Karlos Diez-ek Chamonix-Zermatt ibilbidean zehar egindako ikus-entzunezkoa estreinatuko du

Aiztondoko mendizaleek badute datozen bi aste hauetarako plana, izan ere, Asteasu eta Amasa-Villabonako mendi asteek, Euskal Herriko nahiz munduko beste txokoetako ibilbide eta gailurrak gerturatuko dituzte bi herri hauetara.

Bietan lehena Sagain Mendi Taldeak Asteasun antolatzen duena izango da. Astelehenean eman zitzaion hasiera eta igandera bitarte hainbat ekitaldi izango dituzte. Gaur, esaterako, Karlos Diez herritarrak, duela hilabete batzuk eskiz egindako Chamonix-Zermatt ibilbideko ikus-entzunezkoa estreinatuko du. «Mendi taldeko kolaboratzailea da, eta joan den urtean gurekin izan genuen mendi astean. Jendea gustura egon zen eta errepikatzea erabaki dugu», azaldu du Txomin Isuntza, Sagain Mendi Taldeko kideak. Ostiralean, Josu Iztuetak Groenlandian izandako abenturaren berri emango du.  

Asteburura begira, parte-hartzea sustatzeko ekintzak antolatu dituzte. Larunbat goizean, 25 kilometro inguruko lagunarteko korrikako ibilbidea egingo dute. «Ibilbide bat baino gehiago dugu prestatua eta eguraldiaren arabera aukeratuko dugu». Arratsaldean, berriz, altxorraren bila joko-proba izango dute, batez ere, etxeko txikienei begira.

Igandean, 08:30ean abiatuta, lau orduko mendi ibilaldia egingo dute. Bizikleta nahiago duenarentzat, 10:30ean, BTT irteera izango da Ernio azpiko bideetatik barrena. «Ibilbide politak dira, ea eguraldiak laguntzen duen», dio Isuntzak.

Asteburu honetan bakarrik ez, datorrenean ere izango dute hitzordua. Izan ere, Euskal Kostako 11. etapa egingo dute Bakio eta Plentzia artean. «Proiektu borobila da. Baionan hasi ginen, eta hilabetean behin, euskal kostako etapa bat egiten ari gara. Zierbenan amaituko dugu hemendik gutxira». Ekintza honetan, «geroz eta jende gehiagok» parte hartzen duela azaldu du asteasuarrak.

Etzun Txomin Isuntzari Ataria irratian egindako elkarrizketa osoa:

 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!