Munduaren beste aldean, Txinan, handia egin du, handia!!! Irene Caminos tolosar gazteak. Urre kolore duen domina lortu du, ostadar kolore duen maillota janztea lortu dute taldekako Munduko trial txapelketan. Bakarkako lanean bosgarren postua lortu du Munduko txapelketan berean, laugarrena Europako txapelketan, hirugarren Munduko Kopan, urrea Espainiako kopan, Urrea Espainiako txapelketan. Ordu eta lan askoren emaitza ezin hobeak.
Ezin ahaztu Oriako txirrindulari eskolako Trial sekzioko prestatzaile gisa haritzen dela munduan barrena bidaiatzen ez duenean, irakasle ezin hobea dute trialsin zaleek. Zorionak Irene!
Gorri, hori, berde koloreak izan dituzte denboraldi berriari begira jarri eta Tolosaldeko baso eta mendietara gerturatu zaizkigunean jubenil eta kadete mailako neska mutilek. Batzuetan oinezko txangoak eginez eta mendi bizikletaz besteetan.
Billabonako mendi bizikleta proban irten ziren taldeko partaide batzuk eta duela aste pare bat, hogeita hamargarren urteurrena ospatzen zuen Olarraingo elkarteak antolatzen duen Abraham Olano mendi bizikleta martxan izan genituen taldeko ausartenak, bezperako euri, haize eta tenperatura baxuak ez zituen beldurtu. Marroi kolorez zipriztindu zituzten Limousingo maillotak eta lokatzez josi gurpilak Urkizu inguruko bidexketan.
Taldeko gaztetxoenak ere izan dituzte mendi bizikletekin irteera batzuk, taldekide berriak ere ezagutzeko modua izan dute zazpi bide, Anoeta eta Ibarrako mendi bideetan. Udazkenean eroritako hosto, orbel, garo eta txotxen artean bizikletekin ariketa desberdinak egin dituzte eta bide batez bigarren urteko infantilek, Nafarroan ospatu berri diren Open Diario de Navarrako probetarako prestakuntza egin dute.
Kadeteak ere buru-belarri ari dira Donostiako Antonio Elorza belodromoko eraztun urdinari bira eta bira ematen. Fokoen argi zuripean hasi dituzte joan den larunbatean pistako probak eta bertan zazpi taldekide izan genituen jokatu ziren scratch, tempo eta puntuaketa probetan. Datorren asteburuan lehen urteko kadete mutilak izango dute estreinako proba izango dute pistan arratsaldeko 15:30etik aurrera.