Udaberrian emaitza oparoak Oriako Limousinen

Naia Amondarain ibartarrak, denboraldi ikusgarri batean, garaipenak pilatzen jarraitzen du; Iñaki Diaz, Julen Dorronsoro eta Iñaki Murua ere zeresana ematen ari dira.

Azken bi aste hauetan Oriako Limousin taldeko txirrindulariek emaitza bikainak lortu dituzte errepidean.

Junior mailan, Naia Amondarain ibartarrak Burgosko Itzulian parte hartu zuen joan den astean. Itzuliko lehen egunean garaipena eta lidertza lortu zituen. Bigarren egunean, ordea, ezin izan zion lidertzari eutsi, baina azken egunean berriro ere besoak altxatzea lortu zuen. Beraz, hiru egunetan, bi etapa garaipen eta erregulartasuna lortuta itzuli zen etxera.

Larunbatean Balmasedan jokatu zen Nesken Espainiako Kopako proba, bertan Ariana Gilabertekin (Catema.cat) Beciko gainean lehia estua izan eta gero, Naia Amondarainek garaipena eskuratzea lortu zuen.

Azken garaipena Villasana de Menan lortu berri du ibartarrak, parte hartu duen bost probetatik lauretan garaipena eskuratuz. Egiten ari den denboraldi bikainari esker, Europa mailan lasterketak lehiatu ditu Espainiako selekzioarekin, errepideko nahiz pistako hautatzaileek deituta.

Oriako Limousin taldeko junior mailako mutilek ere emaitza bikainak lortu zituzten Azpeitian jokatu zen XXIV. Gipuzkoa Klasika ospetsuan. Maila handiko txirrindulariak izan ziren bertan: Espainiako taldeak, selekzioa eta Portugalgo junior mailako selekzioa, besteak beste. 108 kilometroko ibilbidea 43 km/h batazbesteko abiaduran burutu zuten.

Portugalgo selekzioko Alfonso Silva izan zen garailea, eta hirugarren tokian lasterketa ikusgarria bete ondoren, 43 segundotara Iñaki Diaz Melero tolosarra sailkatu zen.

Apirilak 28an, Amurrion ospatu zen III. Amurrioko Sari Nagusian, hirugarren sailkatu zen Julen Dorronsoro albizturtarra.

Hurrengo egunean, Idiazabalgo Sarian parte hartu zuten juniorrek, eta hemen ere talde lan bikain baten ondoren Iñaki Murua altzotarrak garaipena lortu zuen 83 kilometro burutu ondoren. Mendiko sarian ere Murua izan zen puntu gehien lortu zituena. Iñaki Diaz zazpigarren sailkatu zen taldekideari lan bikaina egin eta gero.

Altzotarrak negu honetan pistan egin duen denboraldi bikainari esker eta Espainiako Pistako Txapelketetan eskaini duen mailari esker Espainiako pistako hautatzaileak deialdia egin dio.

BESTE MAILETAN ERE BIKAIN

Kadete mailakoak ere ari dira eguzki printzen indarra jasotzen eta azken lasterketetan goranzko joera hartu dute.

Infantil eta alebin mailakoek Erlojupeko Gipuzkoako Txapelketa izan zuten maiatzaren 5an, Irunen. Lehen aldiz jokatu zen maila hauetan nesken taldeen arteko erlojupekoa. Alebin mailan eskualdeko talde misto baten barnean aritu ostean, Gipuzkoako txapeldun izan ziren Eneritz Goikoetxea eta Ayala Serrano. Infantil mailako Oriako Limousin taldeko Irene, Uxue, Naroa eta Amaiak berriz, hirugarren postua eskuratu zuten.

Mutilen lasterketetan tarte estuak izan ziren eta egindako lan finari esker emaitzak ere fin finak lortu zituzten. Alebinen lasterketan Orats, Eñaut, Aitor, Martin eta Manexek osatutako taldeak hirugarren sailkatzea lortu zuten. Infantilen lasterketan, berriz, azken tandaren barruan, Urko, Eneko, Yon Mikel, Nikolay eta Anderrek osaturiko taldeak denborarik onena ezarri ondoren Gipuzkoako Txapelketa eskuratu zuen.

Datorren asteburuan izango dituzte gaztexoenek errepideko txapelketak, Zarautzen. Kadete mailakoek Gaztetxo Saria izango dute, Abadiñon, eta juniorrek Euskal Herria Sariko froga, Zangotzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!