Udalaren jardunean ariketa garrantzitsuenetako bat da urteko udal aurrekontuak onartzea. Hain zuzen ere, Tolosak, 2016koak, joan den abenduan onartu zituen, udal gobernuaren eta oposizioaren arteko adostasunik gabe.
Oposizioak aurrekontuaren gaineko iritzia prentsaurreko batean eman zuen Osoko Bilkura bezperan. Horrek begi bistan uzten du ez zutela inolako gogorik akordiotara iristeko udal gobernuko taldearekin. Pose politikoa besterik ez, desadostasunak azpimarratzeko, serio eztabaidatzeko inolako asmorik gabe.
Udala osatzen duten alderdi politiko bakoitzak erabakitzen du zein den modurik egokiena gobernu edo oposizio lanak egiteko. Modu eraikitzailean edo guztiz negatiboan; norberak hartzen ditu erabakiak, kontuan hartuz modu batera edo bestera aritzeko dituen arrazoiak. Lan eginez herritarren interesen alde edo, besterik gabe, adierazpen publikoak eginez, hau da, pose politikoak agerpen demagogiko handiekin.
Gobernantza berrian edo politika egiteko beste modu horren barruan hauxe dago: alderdi politiko guztien diskurtsoetan partizipazioa eta gardentasuna. Udalaren azken Osoko Bilkura bezperan EH BILDUren udal taldearen bozeramaileak esan zuen udal politikarien soldatek % 45eko igoera izango zutela. Hori gezur hutsa da. Soldatak aurreko aldiko berdinak dira; ez euro bat gehiago, ez euro bat gutxiago.
Uste dut nire betebeharra eta nire eskubidea dela eskatzea Tolosako udal ordezkariei -kontuan izanik lehen esandakoa, hau da, politika gardena egitearena- herriari egiazko informazioa eman behar zaiola, interes alderdikoi eta demagogikoetatik at. Errespetatu behar den lehenbiziko premisa hauxe da: GEZURRIK EZ ESATEA. Herriaren alde lan egiteko modu horrek erakusten duen gauza bakarra da heldutasun politiko falta.
Ordezkari publikoen gestioak eraginkorra eta gardena izan behar du; eta, batez ere, EGIAZKOA, manipulazio eta gezurrik gabea.