Bost minutu

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peon 2015eko azaroaren 12a

Luzea da bizitza-eskubidearen aurkako urraketak jasan dituzten pertsonek gaurdaino eginiko bidea. Luzea eta astuna bizitzaren aurka egindako urraketen ondorioz pairatutakoa. Bizitzaren etena, bidegabeko indarkeria, erreparazioa beharko lukeena.

Eta honen aurrean, izugarria muturreko egoera hauek gainditzeko biktimen senitartekoak azaldutako jarrera, txalogarria eta eskuzabala, ezbairik gabe, barruko emoziorik intimoenak gizarteari eskainiz, berriro ere inoiz errepika ez dadin.

Bidegabekeria horren aurrean bost minutu bakarrik gogoetarako, isilune sendo eta aho batezkoa, gutxienekoa baina benetakoa, bost minutu. Isilik, bost bakarrik.

Ziur naiz isiluneak elkarrizketarako bidea ekar dezakeela, inoiz gertatu behar ez zuenaren baieztapena egiteko tamainakoa, memoriaren lotsak salbatuko gaituenaren itxaropenaz. 26 arrazoi, bost minutu gogoetarako. Poetak esaten zuen moduan “izena duen orok duelako izana”, izan zirela ahaztu ez ditzagun izenak ekarri behar ditugu gogora, bost minutuz besterik ez bada ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!