Tolosako inauteriak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peon 2015ko ots. 10a, 18:32

Tolosako herriak badu umorearekin lotura berezia. Zalantzarik gabe tolosar izaeraren erakusle dira inauteriak eta zerbaitek berezi egiten baditu herritarren lan eta parte hartzea dira.

Garai bateko inauteriek eta egungoek izango dute ziur aski ezberdintasunik, baina urteetan izaera herrikoi eta partikular hori mantendu badute inauteri zaleek egindako lanari esker izan da. Aldez aurretik prestaketa lan handietan ibiltzen direnak, eta baita ere, azken momentuko mozorroa moldatzen dutenak. Dianan, protagonismoa izaten dutenak edo Zaldunitan eremu jakinean kokatzen diren lagun talde eta senitartekoak, familia osoak kasu batzuetan.

Ikusmiran gabiltzan herritarrak, nor non kokatuta egongo den ohitura bilakatu denez, hura edo hori ikusten pasatzen dugu goiz partea, pozarren. Ikusi ditzakegu naufragoak gure ibaian, Ingalaterrako Carlos Iaren ezkontza, zapatariak trianguloan, Operako kantariak Plaza Zaharrean edo toreruak Plaza Berrian; irudikatu dezakezuen edozer da posible egun hauetan Tolosan. Gainera umorearen bitartez erabateko gaurkotasuna duten gaien inguruko salaketa egiteko aukera eta ohitura ere izaten da.

Herria da Inauteri eta Inauteria karnabal. Juan Garmendia etnografoa ekarri nahiko nuke gogora. “El Carnaval Vasco” lanean, aparteko atal berezi bat egin ziolako Tolosako Inauteriari . Aldaba eta Bedaio nabarmentzen zituen bere liburuan, eta ondoren, Tolosa urbanoaren Inauteria; landa eremu eta eremu urbanoa alderatuz eta bata eta bestearen arteko osagarritasuna azpimarratuz.

Mereziko luke bai Tolosako inauterien inguruko topaketa, argazki lehiaketa, erakusketa egitea, arrazoia ez izanik bakarrik umorea. Umoretik harago egun hauek tolosarrontzat badirelako solidaritaterako egunak ere, herritarren arteko ezberdintasunak desagertzen diren egunak, desagertzen baitira ezberdintasun sozial, erlijioso eta politikoak, eta gure nortasuna indartzen baitugu, zer garen eta zer izan nahiko genukeen entzun nahi duenari zabalduz. Solidaritatea, elkartasuna, emozioa, alaitasuna, gozamenaren poza, hori dena baita Tolosako Iñauteria.

Gerra garaian ere iraun badu udaberriko festa honek, indartu badira karnabalak eta gozatzen baditugu inauteriak, hori denak arrazoi bakarra du oinarri: Tolosako herritarrak egun gutxi hauetan bat egiteko gai garela adierazten dugu.

Maite ditut karnabalak, gozatzen ditut inauteriak.

GORA TOLOSAKO INAUTERIAK!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!