Emakumeen aurkako indarkeria, giza eskubideen urraketarik hedatuena

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peon 2014ko aza. 18a, 20:00

Azaroaren 25an ospatuko da Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna. Mundu mailako erakundeek horrela onartuta, giza eskubideen aurkako bortxakeriarik hedatuena da.

Genero indarkeria ezin dugu soilik bikote harremanetako indarkeriarekin identifikatu, eremu publiko zein pribatuan emakumeak, emakume izanagatik, pairatzen duen indarkeria oro ere izan behar da kontutan, hala nola, sexu indarkeriak, erasoak, sexu jazarpenak, gatazka egoerak bizi dituzten herrialdeetan emakumeen kontrako gehiegikeriak edota emakumeen duintasuna eta segurtasuna kaltetzen eta hondatzen duten edozein jokaerak.

Emakumeen aurkako indarkeria gizarte arazo larri bilakatu da, edozein delarik posizio soziala, adina, kultura eta aberria.

Bada indarkeria pairatu duten emakume guztiek elkarbanatzen duten eta biktima bilakatzen dituen zerbait: noraez sentimendua, bakoitzak bere bizipen eta errelatoa badu ere. Emakumeen kontra erabiltzen den indarkeriak errudun sentimenduak sorrarazten ditu eta horrek izugarrizkoa den bakardadea ekar dezake. Beste indarkeria mota guztiekin egin den bezala, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen ahotsari bozgorailua jartzea ezinbestekoa da.

Horretan munduko erakundeek eta baita euskal erakundeek badute zer egina. Orohar, gizarteak, gizarte eragileek eta alderdi politikoek, Gizarte Justiziaren aldarrikapenean, emakumeen kontrako indarkeria saihesteko gakoak kontutan izan behar dituzte, agenda politikoan sartuz.

Bizi dugun baloreen krisi honetan, beharrezkoa da bakearen eta etikaren aldarria egitea. Indarkeria gabeko eszenatokia lortzeko eta indarkeriaren kultura baztertzeko, bakearen kultura landu eta sendotu behar da, pertsonen arteko harremanak lantzeko tresna gisa ulertuz. Zaintza, maitasuna, segurtasuna… maiz emakumeen ardura izan da soilik. Horiek, balore partekatu bilaka daitezen egin behar da lan, rol berriak proposatuz eta balore horiei dimentsio berriak emanaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!