Gutuna: Oria ibaia, Tolosarako aukera bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peon 2014ko urriaren 14a

Oria ibaiko ur kalitateak hobera egin du nabarmen azken urteotan, hori dela eta, herritar asko gerturatzen da ibaiertzera gero eta garbiagoa dagoen eremu naturalaz gozatzera.  

Oria ibaiak jarduera desberdinak egin ahal izatea ahalbidetzen du, horregatik, garrantzitsua da eremu naturala berreskuratzea, batetik, herritarren eta herriaren segurtasuna bermatuz, eta aisialdi guneen sorrera sustatzea bestetik.  

Talde askok beren kirol jarduerak ibaian gauzatzen dituzte. Piraguismoa, arrantza, arrauna edota triatloia egiten duten herritar dezente ditugu eskualdean. Beraz, badago herritar multzo handi bat garbitasun baldintzak eta ibaira sarbideak hobe daitezen babesten duena. Zelai edo Araxes ibaien ibilguan moldaketa txikia egitea nahikoa da piraguismoa egiteko leku aproposa sortzeko. Halaber, zenbait obren ondorioz harri txikiz estalita geratu diren Oriako hainbat gune ere erraz berreskura litezke oinarrizko kirol jarduerak gauzatu ahal izateko.   

Araxes irteeran, Usabal kiroldegiaren inguruan eta bidegorri eta skateparkaren Oria ibaiaren ertzean, aisialdi gune zoragarria sor daiteke, solarium eta bainu eremu gisa erabil daitekeena. Modu berean, ibaiaren bi bazterretan pasealekuak egokitu daitezke Bentaundi Berazubirekin lotuz, adibidez. Santa Maria elizaren atzealdean ere pasealekua egin daiteke, horretarako beharrezkoak diren obrak eta sarbideak egiten badira.    

Gure udalerria Tolosaldeako erdigunea da, horregatik interesgarria da bai Tolosarentzat eta baita eskualdearentzat ibai eremuko kirol eta aisialdi ekintza eta jarduerak sustatzea.  Aipatutako jarduera eta aukera desberdinek turismo eskaintza aberastu eta landa garapena sustatuko lukete, balio ekologiko eta estetiko handiko aisialdi guneak sortzeak landa eremuko garapen ekonomikoan ere eragiten duelako. Aprobetxa ditzagun, beraz, Oria ibaiak eskaintzen dizkigun aukerak, turismoa erakartzeko batetik, eta eskualdeko herritarrek gozatzeko aisialdi eremuak sortzeko, bestetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!