Olatz Peonen gutuna: Bildu, herentziaz jasotakoa salduz

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peon 2014ko ira. 24a, 12:14

"Tolosar guztiok antzeman dugu Bildu dagoeneko hauteskunde kanpainan sartuta dagoela eta oraindik bederatzi hilabete falta dira hauteskundeetarako".

Ezker Abertzaleak aurreko Tolosako alkatea (EAJ) «argazki-alkate» gisa izendatu zuen. Egungo Bilduko alkateak bada, marka egin du horretan, ia egunero ateratzen baita komunikabideetan lortutakoak «saltzen».

Baina goazen harira, Bilduk hiru urte daramatza Tolosako Udala kudeatzen eta hauteskundeak gerturatuz doaz eta balantzea pobrea da, non geratu da izpiritu berria? Haize berriak? Gauzak egiteko modu berriak? Ilusio horiek ezerezean geratu dira azken hiru urteotan. Ez dago ezer berririk eguzkipean, pankarta atzeko aldarrikapenetatik udal kudeaketa ardurak hartzera pasatzean Bildurentzat oposizioan uka ezinak liratekeen zenbait printzipioei uko egin behar izan diete: udaletxeko balkoian espainiar bandera jartzea, hondakinen kudeaketan «atez ateko» sistema baztertzea etab.

Baina gauza ez da hor amaitzen, hiru urte pasa dira eta tolosarrak harro sentitu ahal izateko ezer gutxi egin da. Hori da egungo balantzea, datorren maiatzean hauteskundeak ditugu eta Bilduk duena «saldu» behar du nahiz eta, saltzen duen hori beraiek martxan jarritakoa ez izan.

Egun Bildu saltzen ari den proiektuak aurreko legealdian EAJk kudeatutakoak dira, gainera, lau urte behar izan dituzte aipatu proiektuak kudeatzeko, orain amaituko direnak, hauteskundeak baino lehen: Arriarango biribilgunea, Amarotz auzoko urbanizazioa, Euskal Herri plazako gizarte alokairuko etxebizitzak, besteak beste. Bildu errentez bizi da, aurreko legealdietan jorratutako proiektuak ondoren gauzatzea ohikoa bada ere. Kezkagarriena etorkizunerako proiekturik ez dagoela da, etorkizuneko proiektuen paper-zorroa «hutsa» dago, ez dago epe ertainerako ibilbide orririk egina. Ez dago tolosarrek nahi duten etorkizunari buruzko eztabaida parte hartzaile ez eta pluralik ere. Epe laburrerako jarrera gailendu da.

Datorren legealdian, gobernuan edozein dagoela ere, zaila izango da Tolosa indartu eta biziberritzea, zerotik hasi beharko baita lanketa horretan. Egungo legealdian «inertziaz» jokatu da, baina baliabide horrek indarra galdu du. Ereiten ez bada, ez da ezer biltzen eta Tolosak bultzada berria behar du, Tolosa eta tolosarrak merezi lekuan jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!