Gutuna: Eskozia eredu

Erabiltzailearen aurpegia

Erabakitzeko eskubidearen inguruan, euskal gizartean eskoziarrek erakutsi duten "naturaltasuna" falta dela dio Peonek.

Beti kokatu izan dut neure burua abertzaletasun demokratikoaren barruan. Ez ditut inposizioak ulertzen. Inposizioa inongo kode etikoetatik kanpo egoteaz gainera ez du inoiz emaitza baikorrik eman. Erabakiak hartzeko modurik gardenena , modu partekatuan egitea da, herritar ororen iritzia kontutan izanik, herriz herri eta auzoz auzo, herritar ororen iritziak kontutan hartzea funtsezkoa denaren sentipena lau haizetara zabalduz, parte hartzea betiere borondatezkoa izanik. Elkarbizitzaz ari bagara gainera, are eta derrigorrezkoagoa da erabakia partekatua izatea, alde bakartasuneko jarreretatik urrunduz eta subordinazio egoerak ekidinez.

Irailaren 18an eskoziar orok aukera izango du bere herriaren etorkizuna nola eraiki nahi duen erabakitzeko. Ingurumaria honetan, irratian entzun berri dut  Eskozian bizi den euskaldun baten iritzia: “harrigarriena  ez da Ingalaterrako gobernuak galdeketaren aurrean izandako jarrera demokratikoa, Eskoziarren artean piztutako grina, nazioartean sortutako interesa, ezta Isabel II.a erreginak jarrera neutroa hartu izana edo Eskoziarrek erabaki dezaten eskoziarren patua. Aldiz, harrigarriena da, herritarren artean zer nolako naturaltasunez hitz egin eta eztabaidatzen  den gai honen inguruan”. Eskoziako edozein bazterretan eztabaidatzen dabiltza bere burua etorkizun hurbilean non kokatzeari buruz; etorkizuna amesten. Eta iritzi bateko edo bestekoak izan,  erabateko errespetuz dihardute.

Nazionalista eta unionisten arteko dikotomia oinarri, berdintasuna eta justizia oinarri, eztabaida omen  da nagusi Eskoziako auzo guztietan, iritzi batekoa ala bestekoa, errespetoa oinarri izanik. Izan ere bata edo bestea nagusitu, elkarrekin eraiki beharko dute etorkizuna, demokratikoki erabakitzeko aukera izango duten honetan.

Geurean, lehenago, 2005eko otsailean Madrileko Kongresuan aldarrikatu zuen Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak  euskaldunok dugun erabakitzeko eskubidea. Antza denez Eskozian darabilen naturaltasuna falta izan omen genuen gure gizartean, errespetu apurrik ez omen zuen merezi egindako proposamenak eta euskaldunon aldarrikapenak ez ziren aintzakotzat hartuak izan. Orduz geroztik, aurrerapauso batzuk ere egin ditu euskal gizarteak, GURE ESKU DAGO mugimendua esaterako, baina oraindik, naturaltasuna amesten dut nik, eta baita ere, errespetua eskatu.

EAJk, aurreko mendeko 30. hamarkadatik, naziorik gabeko herrien Europarekin amesten du. Gure interesak Euskadin dute bere sustraia eta gure herri izaera aldarrikatu izan dugu beti. Herri eraikuntza ez da xede makala, izan ere, urte guzti hauetan euskal komunitateak, lehen bezela orain are gehiago, bere nortasuna aldarrikatzen du, bere hizkuntza, ekonomia, kultura, herritarren artean harremanak izateko modua, bere gizarte egitura, independentziaren egarria edo bi estatu boteretsuen babesa batzuen ustetan, edo morrontza, besteen ustetan erabakitzeko ahalmena. Hitz egin dezagun guzti honetaz, elkarri errespetatuz, eta zergatik ez, baita naturaltasunez ere.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!