Lagunarekin egon naizen aldiro, ilusioa sumatu diot. Eta egiari zor, nik ezin saihestu inbidia sentitzea, bizimodu harekiko daukan maitasuna nabaria delako. Askotan esan izan digu beste bizi-estilo bat dela, baina sekula santan ez diogu ez damurik ez kexarik entzun, erabaki baitu lurrari lotua baino lurrari esker bizi nahi duela. Euskal Herrian ditugun gazte baserritar eta abeltzainen beste adibideetako bat besterik ez da.
Benetan eskertzekoa da haien ahalegina, gehienok bizimodu eroso eta konplikaziorik gabearekin konformatzen garen bitartean, badaudelako balentria duten ero batzuk ere, lehen sektoreari segida emateko prest daudenak. Bejondeizuela!
«Eta nire ezjakintasun lotsagabean, ez dut ulertzen nola egiten diogun kasu gehiago orain dela gutxi sortu den jakintza artifizialari naturalari baino»
Adimen artifizialaren aroan bete-betean sartu gara. Dirutzak inbertituko dira atzean geratu ez gaitezen, eta munduko bazter askotan dagoeneko aieneka dabiltza algoritmoak lana ez ote digun kenduko. Eta nire ezjakintasun lotsagabean, ez dut ulertzen nola egiten diogun kasu gehiago orain dela gutxi sortu den jakintza artifizialari naturalari baino. Badakit badaudela sektorearen erreleboa bermatzeko egitasmo eta proiektuak; hala ere, zinez ez dut ongi ulertzen zergatik ez dauden milioika eurotako inbertsio potenteak lehen sektorea duindu, indarberritu eta aukera berriak sortzeko. Ez dakit zergatik ez den apustu handiagoa egin nahi jaten ematen diguten horiengan. Izan ere, ez dago sobera gogoraraztea Euskal Herriko elikadura-sistemak zein paisaiak gure azienda eta laborariak dituela oinarri.
Bien bitartean, herritar xumeok ere arreta jarri beharko genuke gure kontsumo-ohituretan, eta nola ez, hauteskunde garaitsu honetan, politikariek badute zer hobetua eginbeharrekoen zerrendarako.
Jaten duguna gara; ezaguna egingo zaizue esamoldea. Nik argi daukat: lurrak ematen diguna gara.