Hazi zituzten bada hazi ama haiek beren haurrak, eguzkia atera eta sartu arteko lan luzea tarteko, eta ume izateko denbora gutxiago izanagatik ere, ume izan ziren, seguruenik irudimena eta soro inguruko jolasak baliatuta.
«Eta barruak diost zerbait ez garela ondo egiten ari, haiek gutxiegi eta guk gehiegi daukagunean, lehengoaren inbidia sentitzen dudalako»
Eta barruak diost zerbait ez garela ondo egiten ari, haiek gutxiegi eta guk gehiegi daukagunean, lehengoaren inbidia sentitzen dudalako. Inbidia haiek ez zeukatelako non aukeratua, (gain)informazioaren faltan senari eta halabeharrari kasu egiten ziotelako, horrela, bi buelta eman gabe. Eta aurrera, Mari Pili.
Esadazu egia, irakurle: nire adin bueltakoa bazara (30-40), ziur naiz behin sikiera esango zenuela gu geu oraingo haurrak baino tontakeria gutxiagorekin hazi ginela, ezagutu ez genuen gerra bat pasa izanaren atrebentziaz. Badakit ez dela zilegi konparazioa, badakit erosotasunak zientoka ditugula; dena den, ezin dut saihestu tarteka ezina sentitzea.
Ezintasuna sortu dugun munduarekiko, emakumeok* etxetik kanpora ere lana egin nahi dugun honetan, eta berdintasunaren odisean koska batzuk aurreratu ditugun arren, presioa zein prezioak eskutik helduta garestitu zaizkigulako.
Bien bitartean, hemen gabiltza estres eta antsietate atakeen artean guraso izateko forma berriak asmatzen, «oker» dagoenaren eta zoratzerainoko eredugarritasunaren artean igerian.
SOS! Ez ahal gaitu itsasoak irentsiko!