Truko edo trato

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano Irazusta 2025eko urriaren 31

Konturatzerako urriak udazkenari hozka ederra egin dio eta egunak ilundu zaizkigu. Sasoiari zor zaion legez, mendialdeko tiro hotsekin ohitu zara eta osaba erdi amorratuta daukazu aurten onddorik ezin bilduan dabilelako. Eta gaurko data bat-batean agertu dizu egutegiak: Gau Beltza.

Ez dizu bereziki irrika handirik egiten egunak, baina azken urteotan nabaritu duzu ahalegin berezia ohiko mozorroetatik harago tradizioari begiratzeko, behin gurea izandako usadioa atzera ere errekuperatzeko.

Albistegiek aurreratu dizute gaur-biharretan hildakoen eguna ospatuko dutela munduko hainbat txokotan. Aspalditik zaude jabetuta gurean nahiko lan dugula duintasunez hiltzen diren horiek ere naturaltasunez oroitzeko; ez duzu pentsatu ere egin nahi ia senide guztiak bortizki galdu dituzten horiek nola demontre egingo duten dolua. Nola agurtuko dituzten lurperatzeko gorpurik ere ez baldin badute. Oraindik negarrik geratzen zaien, edo amorruak bizitzen uzten dien.

Lur mortua da orain Gaza, badakizu ez dutela denbora gutxi beharko hauts tartetik berriz ernaltzeko.

 

«Truko edo trato esanez joko dizute etxeko txirrina. Eta hobeto ezin ekarria irudi zaizu, ondo asko borobiltzen baitu bi urteotako joko maltzurrak berriki izan duen emaitza»

Bien bitartean, truko edo trato esanez joko dizute etxeko txirrina zenbait gaztetxok. Eta hobeto ezin ekarria iruditu zaizu esamoldea bera, ondo asko borobiltzen baitu bi urteotako joko maltzurrak berriki izan duen emaitza: jakin nahi zenuke zer truko klase darabilten esku artean batzuek, auskalo zein interesen truke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!