Lehenengo aldiz

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano Irazusta 2025eko ekainaren 20a

Ez dakit sekula planto eman dizueten. Norbaitekin geratu eta azken unean ezezkoa esatea edo atzera egitea. Seguru naiz ni ere baten bat egindakoa naizela, baina onartzen dut kidearekiko erabateko errespetu falta dela. Kontua da niri berriki gertatu zaidala. Eta aldi berean bik egin didatela. Haien defentsan esan behar dut ez ginela hitzez hitz elkarrekin joatekoak geratu, baina sarrerak elkarrekin hartu genituen, elkarren ondoan.

Bada, emanaldirako hiruzpalau ordu falta direnean —eta neronek planaz galdetuta— hara non esan didaten ezin dutela joan, biak asteburu pasako plana egina dutela. Aaaa. Aibaaa. Baleba. Inporta ez didan itxura egin dut, baina nabarmena da ez dela keinu polita izan (trankil, maite zaituztet oraindik).

Iritsi da emanaldiko ordua. Iluntzeko 19:30ak, ostirala. Andoaingo Basteron jende mugimendua hasi da. Lagun taldeak aurrera eta atzera, alai eta pozik, berbaroan sumatzen da asteburuko irrika eta aldarte ona. Eta ni hor bakarrik, telefonoari begiratzeko tentazioari eutsiz, disimuluan denbora egin nahian inork bakarrik ikusi ez nazan, barne borrokan ezer txarrik egin ez eta erridikulu sentitzen naizelako. Eskerrak goialdeko butakan tokatu zaidan, nire desgrazia oharkabean pasatu dadin sikiera. Eta eskerrak emanaldira joan nintzen. Anton Telleriak ederki asmatu zuen nire tentsioak askatzen. Gozatu nuen, barre egin nuen eta neure buruari berretsi nion lagunen faltan, nahikoa eta sobera nintzela ni neu.

«Antton Telleriak ederki asmatu zuen nire tentsioak askatzen. Gozatu nuen, barre egin nuen eta neure buruari berretsi nion lagunen faltan, nahikoa eta sobera nintzela ni neu»

Aitortu behar dizuet garaipen txiki bat bezala bizi izan nuela saio hartakoa. Ez bainuen dudarik egin salduta geratuta ere joan egingo nintzela. Eta hala, nire 34 urteetan lehenengo aldiz joan naiz konpainiarik gabe emanaldi bat ikustera. Kosta zait, baina uste dut ez dela azken aldia izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!