Gotorleku

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2025ko ots. 21a, 07:57

Enpatxatuko gara laster kolore eta txaranga doinuez. Honetara ezkero jakitun izango zara gaur zortzi inauteri betean egongo garela Tolosaldean, eta bai, mundua geratuko zaigu ia astebeteko zoramena bizitzeko. Eguna hurrengoarekin kateatuta, azken momentura arte probestu eta egutegiak hala aginduta hartuko dute behingoz atseden tolosarrek. 

Eta izango dute ohe gozo bat horretarako. Eta akaso baita lau horma eta sabai duin bat ere. Askotan pentsatu izan dut lotarako babesleku propioa izatea pribilegio hutsa dela. Ederra da neka-neka eginda zaudenean zure etxean errenditzea, edo egun txar bat izan ondoren bertan gotortzea. Salbu zaude. Ez da soilik metro karratu batzuen antolaketa. Bizimodu eta bizi-proiektu oso bat kabitzen dira hor barruan. 

Kuriosoa da, izatez hormigoizko eraikuntza hotzak direlako, gehienetan bata bestearen gainean pilatuta, bide propioa eraikitzeko ezinbesteko, ordea. Hor dator tranpa. Metro karratua urrearen prezioan salgai, independentzia eta etorkizunak hainbeste balio dutela sinetsarazita. Eta bitartean eraikitzaileak eta bankuak aberasten, herritarron bizileku eskubidea negozio bihurtuta. 

 

«Soluzioa egon badagoela pentsatu nahi dut, eta egunen batean, gure seme-alabek ere balkoi ñimiñoren bat koloreztatuko dutela globo eta serpentina erridikuluz»

 

Horregatik gazte mordoxka atera ziren Bilbon iazko abenduan kalera, eskubidea behar lukeena kasik utopia bihurtu dela aldarrikatzera, eta irtenbideak exijitzera. Diote ez dagoela lekurik hainbeste etxebizitza-parke eraikitzeko. Hala ere, esango nuke daudenak gutxienez eskuragarri(ago) jar daitezkeela. Nire ezjakintasunean, baina ez dut uste hain zaila denik. Borondate politikoa behar da. Eta ez da belaunaldi berrien arazoa, gu guztiona, gizartearen arazoa da.

Barkaidazu, irakurle, ostirala mikaztu badizut. Soluzioa egon badagoela pentsatu nahi dut, eta egunen batean, gure seme-alabek ere balkoi ñimiñoren bat koloreztatuko dutela globo eta serpentina erridikuluz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!