Baztertutako plazerak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2024ko abe. 7a, 07:58

Durangoko Azokak ateak ireki ditu. DURANGOKO AZOKA

Sekula ez naiz izan moda-modan dagoena edo ezagun egin dena une horretantxe kontsumitzekoa. Auskalo zergatik, beti utzi izan dut denboran beratzen, eta askotan muturraren parean jarri arte ez diot hozka egin.

Halaxe pasa zitzaidan Harry Potter saga ospetsuarekin. Ordurako pelikula bera ere ikusia nuen, baina ez nintzen irakurtzearen tentaldian erori izeba batek euskarazko bertsio bi oparitu zizkidan arte. Harrezkero irakurzalea izan naiz, baina egiak aitortzen hasita, azken urteotan ez dut jarraikortasunez liburu bat bata bestearen atzetik irakurri.

Eta faltan sentitzen nuen. Horregatik, uda honetan berreskuratu egin dut utzitako zaletasuna. Zinez gozatu dut prozesuaz: nahierara antolatutako pelikula propioa buruan, zentzumen guztiak horretara jarrita. Miresmena sortzen dit irakurtzearen sinpletasunak, soiltasunean hain delako konpletoa.

Beharbada horregatik zaigu hain erakargarria, bizio osasuntsua izateaz gain, burua badoalako hegan, kasik nahigabean, apenas esfortzurik egin gabe.

Eta neguaren atariko gauden honetan, neure buruari galdetzen diot ea sortzaileak nahikoa zaintzen ote ditugun. Bostehun orriko liburukotea idatzi duen horrek ea gero fakturak ordaintzeko modua izango duen, soilik idazteari eskainita. Euskal idazleentzat ameskeria hutsa, itsuenak ere ikusiko luke.

 

«Baina geurea dena sutsuki defendatzen dugunez, han joango gara saldoan Durangoko azokara gure euskalduntasuna antzeztera»

 

Baina geurea dena sutsuki defendatzen dugunez, han joango gara saldoan Durangoko azokara gure euskalduntasuna antzeztera. Gutxienez sos batzuk gastatuko ditugu kulturaren izenean, eta urtean behin bada ere, arnas bero apurra iritsiko zaie euskal artistei. Zer gutxiago, baztertutako plazerak berreskuratzeko bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!