Oraindik burua lan kontuetan daukazula jo duzu txirrina, eta eskailerak igo ahala buila eta algara hotsak nahasian entzunda lurreratzen hasi zara. Orduantxe gertatu da. Haurrak atera zaizkizu atarira ongietorria egitera. Irribarre egin dizute, umeek soilik dakiten era puru horretan. Eta arindu zaizu nekea, zokoratu zaizkizu buruhauste eta komeriak, eta hasi da zure benetako mundua.
Benetan inporta duena. Maite dituzunek osatzen dutena. Zuri ere harrigarria egiten zaizu duela ordubete hain garrantzitsua iruditu zaizun horrek nola hartzen duen beste dimentsio bat, larritasun neutral bat. Zinez eskertzen duzu hori. Deskonexio derrigorrezkoa eragiten baitizu amatasunak. Buru-lana uzten duzu lan fisikoari ekiteko. Korri. Makurtu. Altxa. Soldatapeko lana amaitu eta (ordainik gabeko) zaintza lanak hasi. Eta bai, biak dira lanak; bat aukeratua izanagatik ere lana baita.
«Azken urteotan deskubritu duzu bigarrengo betebehar horrek altxor txikiak gordetzen dituela. Haurren mundu ikuskera sinplea eta garbia»
Edonola ere, azken urteotan deskubritu duzu bigarrengo betebehar horrek altxor txikiak gordetzen dituela. Haurren mundu-ikuskera sinplea eta garbia. Haien gardentasuna eta inozentzia. Eta batez ere zoragarria iruditzen zaizu nola bizi duten oraina, ze presente bizi diren, ze gutxi behar duten.
Orain hasi zara zure azalean sentitzen behin erreportaje batean aditu bati entzundako hura: haurtzaroa benetako altxorra da. Errepikaezina, bat eta bakarra dugu guztiok. Bizi guztia markatzen omen du. Horregatik egunak gogorrak egiten zaizkizunean, haurrak saldu edo oparituko zenituzkeenean, zeure buruari gogorarazten diozu zure onena eman behar duzula. Nahi baino azkarrago bukatuko delako. Gurasoentzat tarteka erraza ez bada ere, txikientzat sasoirik ederrena delako. Eta ahaztu gabe, umeari ume izaten utzi behar zaiolako.