Arrotz

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2024ko eka. 24a, 07:57

Lagunok:

Ez dakit benetan hurrengo hitzok irakurriko dituzuen. Agian neure buruarentzako terapia modura baliatuko dut, akaso hobea baita inori azalpenik ez ematea. Nolanahi ere, utzidazue literatura pixka bat egiten.

Aspaldian aitortu beharreko egia bat aitortzera natorkizue. Honezkero sumatuko duzue zer esatera doan ardi galdu hau. Horrelaxe sentitzen bainaiz, artaldeko ardi galdu. Urte luzez egon naiz nire lekua aurkitu nahian; «etorriko da», nioen nire baitarako, «aurkituko dut», baina ez da hala izan. Norbanako guztiok jaiotzen garenetik bidea markaturik dugu, eta apur bat desbideratu gaitezkeen arren, badakigu nora itzuli, zer xenda hartu, berriro buelta taldera. Eta arazoa dugu bidean galtzen garenok. Ez dakit zer garen: ardi galduago edo beltzago, agian biak batera. Psikologoarekin izandako elkarrizketa horietako batean, adituak nire egonezinaren balizko arrazoiak adierazi zizkidan. Batetik, nerabe nintzela ama galdu izanaren trauma izan nezakeela zioen, dolu egin gabekoaren hondarrak-edo. Nik ez nion ezezkorik esan, hala ere, oraindik ere hutsunea nabarmena izanagatik, badakit ez dela hori. Eta, bestetik, hark esandako hitzak sinplifikatuz, munduaren kontra egoten tematuta omen nengoen, etengabean neure burua justifikatzeko. Tira ba, baliteke arrazoia izatea, baina neure larruan sentitu dut arrotz bat naizela, ezetz, guk geuk sortutako bizimoduak ez didala kalte besterik egiten: lehia etengabea, erritmo azkarregia, kontsumoaren morrontza... Ez pentsa ez naizenik saiatu, badakizue direnak eta ez direnak probatu ditudala neure burua aurkitzeko. Azkenean, azkenean, ordea, ikusi dut. Aleluya. Denen aholkuei jarraitu diet, baina ez diot nire ahotsari entzun. Eta horixe izan da nire akatsik handiena: nire benetako ahotsa isiltzea, zer nahi dudan desitxuratzeraino.

 

«Barruak esaten didanari kasu egingo diot. Ni naiz neure buruaren salbatzaile, eta gauzak nire erara egingo ditut»

 

Orain bai. Orain hau guztia dakidalarik, barruak esaten didanari kasu egingo diot. Ni naiz neure buruaren salbatzaile, eta gauzak nire erara egingo ditut. Eta badakit distantziak eta denborak nire lekuan —nire benetako lekuan— jarriko nautela.

Ez kezkatu nigatik, lagunok, ondo egongo naiz eta. Laster arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!