Milurteetan izan zara hain jakintsu eta ahalguztidun. Baina azaldu ginen gu halako batean, hasieran baldar samar eta zure meneko, beti zure miran ordea, begirunea eta errespetua zor. Ulertu genuelako zu zinela gure Ama Lur.
Eta ikasiz joan ginen, abilezia hartzen, eskaintzen zenigun guztiaz harrituta eta aldi berean eskertuta. Horrela lortu genuen bizimodu erosoago bat izatea. Zuk eman eta guk itzuli. Hori zen tratua.
Ez dakit zein momentutan okertu ginen. Nola perbertitu ginen. Zergatik eta zertarako. Orain soberan da esatea nahieran erabili zaitugula, behar baino gehiago ustiatu zaitugula, aprobetxatu zaitugula lotsa barik, azken muturrera arte zukutzeraino, harik eta hustu zaitugun arte, kasik galbidean utzi arte.
Zu baino azkarragoak ginela sinetsi genuen, aise engainatuko zintugula. Ez genuelako —dugulako—ulertu zu gabe ez garela ezer, zu gaixo bazaude gu gaixoago gaudela. Entzungorrarena egin dizugu behar baino gehiagotan, ozen esan badiguzu ere ez dugulako sinetsi nahi urtzen ari zarela, berotzen, pixkanaka agortzen. Zure haserrea gutxietsi dugu, ez ditugu serio hartu garaiz kanpoko bero sapak, lehorte edo uholdeak. Gehiegi edo gutxiegi egitera behartu zaitugu, nola ohartarazi ez dakizula pixkanaka hiltzen ari zarela.
Ama Lur, denbora gehiegi igaro dugu gehiegikerian. Aurrerapenaren izenean basakeria mordoa egin ditugu, eta emaitza lotsa eragitekoa da: itzuli dizkizugu soro idor eta makrolaborantzak, itsaso zikin eta plastikoz beteak, ozeano gero eta hilagoak, zaborrez leporainoko mendiak, zementuzko eremu amaiezinak. Sortu dugu jasangarria ez den sistema bat, eta elikatzen ez gaituen ekosistema bat elikatu dugu.
«Honezkero etsita egongo zara. Beranduegi da dena iraultzeko. Agian gure ondorengoengan duzu itxaropena. Ez baita zaila izango hobeto egitea»
Honezkero etsita egongo zara. Beranduegi da dena iraultzeko. Agian gure ondorengoengan duzu itxaropena. Ez baita hain zaila izango hobeto egitea. Akaso asmatuko dute entzuten, eta asmatuko dute hondamendia frenatzen. Hala izango ahal da!